NAIZ

M&M's gozoki markak bere ‘maskota bozeramaileak’ baztertu ditu AEBetako eskuinaren presioagatik

Irailean M&M morea aurkeztu zuten, bere maskoten artean hirugarren ‘emakumezkoa’, eta polemika hasi zen sare sozialetan. Urte hasieran hiru maskota ‘emakume’ soilik zituen gozoki sorta kaleratu zutenean, gatazka berpiztu egin zen, gozokiak «politizatzen» ari direlakoan.

Orain arte M&M's enpresaren irudi izan diren koloretako gozokiak.
Orain arte M&M's enpresaren irudi izan diren koloretako gozokiak. (M&M's)

Txokolatezko gozokien marka mitikoak, M&M's-ek, bere koloretako maskotak baztertzea erabaki du azkenaldian Estatu Batuetako eskuin kontserbatzaileak sustatu duen polemikaren ondorioz. Izan ere, pertsonaia alai hauek politizatuak daudela diote.

Gatazka irailean hasi zen, pertsonai berri bat aurkeztu zutenean. Gorria eta horia dira pertsonaiarik ezagunenak, baina urdina, laranja, marroia eta berdea ere bazeuden. Azken biak emakumezko generoarekin identifikatzen dituzte. Pertsonaia berria ere halakoa da, more kolorekoa, Purple izenekoa.

M&M's-ek adierazi zuenez, ‘emakumezko’ pertsonaiak sortu zituen «onarpena eta inklusioa» adierazteko. Era berean, more kolorea LGBTIQ komunitateari babesa emateko erabili ohi da hainbat esparrutan, eta horrek kritikak sortu ditu, gozokiak «politizatzen» ari direlakoan.

Polemika urtarrilaren hasieran berpiztu zen gozoki berde, marroi eta moreak soilik zituen edizio mugatuko sorta bat kaleratu zutenean, eta etsaiak gozoki marka «woke» dela esaten hasi ziren, alegia, «politikoki zuzena».


Horren harira, eskuineko lerro editorial oso atzerakoia duen Fox News kateko aurkezle Tucker Carlsonek zera esan zuen: «Litekeena da gozoki berdea lesbiana izatea, eta morea gizena».

Ez da Carlsonek M&M's enpresari egiten dion lehen kritika. Izan ere, iaz kexa adierazi zuen maskota berdea takoidun botak izatetik, zapatilak izatera pasatu zelako eta horregatik ez zela «hain sexya».

Hori dela eta, gozoki enpresa adierazpen bat egitera behartua sentitu da eta Twitter bidez honakoa esan du: «Gure bozeramaile maitatuengan aldaketa batzuk egin ditugu azken urtean. Ez genekien inor konturatuko ote zen, eta ez genuen uste horrek internet hautsiko zuenik. Baina orain ulertzen dugu: gozoki baten zapatak ere polarizatzaileak izan daitezke. Hori zen M&M's-ek nahi zuen azkena, gure helburua pertsonak batzea baita».

Polemikaz nazkatuta, maskotak alde batera uztea erabaki dute, epe baterako behintzat, eta horien ordez Maya Rudolph aktorea kontratatu dute publizitate kanpainetan parte har dezan.