NAIZ

Elxek ez dio aukerarik eman Zuazori eta bizkaitarrek porrota jaso dute etxetik kanpo (24-17)

Etxeko taldeak ondo aprobetxatu ditu Barakaldokoen hutsak erasoan eta erraz gailendu zaio azken-aurreko postutik ezin atera dabilen Zuazori.

Joseba Rodriguez entrenatzailea, animoak ematen Zuazoko jokalariei.
Joseba Rodriguez entrenatzailea, animoak ematen Zuazoko jokalariei. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zubileta Evolution Zuazoko jokalari zein entrenatzaileak ondo zekiten Elxera egindako bidaia oso zaila izango zela. Bosgarren postuan aurkitzen den aurkariak etxean jokatzen zuen eta, gainera, bizkaitarren denboraldia zaila izaten ari da, bai kirol arloan eta baita bulegoetan ere. Azkenean, Barakaldokoek ezin izan dute sorpresa eman eta Elxek erraz irabazi die, hori bai, kanpokoek erasoan egindako hutsak aprobetxatuta.

Azken emaitza 24-17koa izan bada ere, hasieran ondo eutsi dio Zuazok. Parekotasuna nabarmena izan da lehenengo sei minutu eta erdian. Momentu horretan markagailuak 3-3koa eskaintzen zuen, baina Zuazok erasoan huts egin eta Estibaliz Velasco bi minutu kanporatu dute epaileek. Elxek bikain aprobetxatu du egoera hori 5-3koa egiteko, partidako lehen abantaila.

Etxekoek pixkanaka abantaila handitzen joan dira lehen zatian. Bost goleko errenta ere izan dute (11-6, 12-7 eta 13-8), baina eskerrak Paula Molanok azken unean egin duen gola atsedenaldira 13-9 joateko.

Hala ere, bigarren zatian gauzak ez dira hobetu. 4-2ko partzial bat sinatu dute etxekoek lehenengo sei minutuetan (17-11) eta Zuazoko jokalari batzuk bi minutu kaleratuak izan dira. Nerea Gilen kanporatzearen kasuan, Elxek bikain aprobetxatu du eta 18-14tik 20-14ra pasa da. Ez hori bakarrik. Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak hutsartea eskatu du, baina Elxek beste gol bat sartu du 21-14koa ipintzeko.

Hortik aurrera, golak ate batean eta bestean sartu dituzte, Paula Molano deskalifikatua izan da eta Zuazok beste jaurtiketa batean huts egin du. Porrota beste kolpe gogor bat da Barakaldokoentzat. Orain, zoritxarrez edo zorionez, hurrengo asteburuan ez da partidarik egongo eta, beraz, hurrengo neurketa prestatzeko egun gehiago izango dituzte bizkaitarrek. Hurrengo aurkaria, Lasesarren, Grafometal la Rioja izango da, sailkapeneko azkena; beraz, garaipena erdiestea berebizikoa izango da, kirol arlotik eta mentalki ere.

PARTIDAKO FITXA:

24 - Elx: Zhukova (1), Cornelia (2) Oppedal (1), Guilabert (2), Méndez (2), Andreu (1), Martinez (4), Bernabe (5), Do Nascimiento (4), More (2).

17 - Zubileta Evolution Zuazo: Meriem, Velasco, Zaldua (2), Alba Sanchez (3), Molano (2), Moles (1), Gil (1), Valero (4), Puigbo (1), Permach (1), Magdalena Fernandez-Agusti (2).

Epailea: Jorge Rodriguez Pacheco eta Alejandro Nuñez Camacho. Txartel horia atera diete Patricia Mendezi eta Izei Permachi. Bi minutu kaleratu dituzte Bernabe (2) eta Do Nascimiento; eta Velasco, Zaldua, Gil, Permach (2) eta Magdalena Fernandez-Agusti. Gainera, Paula Molano deskalifikatu dute.

Markagailua bost minuturo: 2-2, 4-3, 7-4, 8-5, 11-7, 13-8 (atsedenaldia), 15-11, 17-12, 19-14, 21-15, 23-15, 24-17 (amaiera).