NAIZ

NBE: «Uraren zikloa hautsi, ekosistemak suntsitu eta lurpeko urak kutsatu ditugu»

Uraren Nazioarteko Egunean, NBEren uraren goi-bilera hasi da. Egungo krisiaren eragin handia nabarmenduz, ur baliabideak babesteko eta saneamenduetan inbertitzeko deia zabaldu du.

Josephine Nthenyak ura saltzen du Nairobiko auzo batean.
Josephine Nthenyak ura saltzen du Nairobiko auzo batean. (Simon MAINA | AFP)

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Uraren Konferentzia, ia mende erdian egin den mota honetako lehen goi-bilera, asteazken honetan hasi da New Yorken, eta premiaz jarduteko deia egin du baliabide hidrikoak babesteko eta mundu osoak ur eta saneamendu egokiak eskura izan ditzan.

«Bizimodu duina bizitzeko behar dugun guztia urarekin lotuta dago. Gure osasuna, elikadura, segurtasuna, habitata, ekonomia, azpiegitura eta klima», adierazi du irekiera ekitaldian Guillermo Alejandro Herbehereetako erregeak, Tajikistanekin batera bileraren buru denak.

Nazio Batuen arabera, 2.000 eta 3.000 milioi pertsona artean ur eskasia pairatzen ari dira munduan, eta arazo hori larriagotu egingo da datozen hamarkadetan. Aldi berean, uraren kutsadura hazten ari da eta klima aldaketaren ondorioz muturreko hondamendi meteorologikoak ugaritzen ari dira.

«Uraren krisi globala dugu. Uholdeek jendea hiltzen dute, ur gutxiegi izateak giza garapen duina geldiarazten du eta ur zikinak gure osasuna eta natura mehatxatzen ditu», laburbildu du Csaba Korosi NBEko Batzar Nagusiko presidenteak.

steazken honetan hasi da New Yorken NBEren uraren goi-bilera. (Leonardo MUÑOZ/AFP)

Ildo beretik, erakundearen idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, honakoaz ohartarazi du: «Gizadiaren bizi-odola drainatzen ari gara gehiegizko kontsumoaren eta erabilera jasanezinaren bidez, eta lurruntzen ari gara berotze globalaren bidez. Uraren zikloa hautsi, ekosistemak suntsitu eta lurpeko urak kutsatu ditugu».

Aldi berean, Guterresek gogorarazi duenez, lau hondamendi naturaletik hiru urarekin lotuta daude, eta ia lau pertsonatik bat hornidura segururik edo edateko urik gabe bizi da.

Horregatik guztiagatik, Nazio Batuen buruak esan du ostiralean amaituko den Konferentzia honetatik «konpromiso iraultzaileak» atera behar direla Uraren aldeko Ekintza Agenda berri baterako.

Dokumentu hori goi-bilera honen emaitza nagusia izango da, eta sektore publikoaren eta pribatuaren ehunka konpromisotan oinarrituko da. Batzuk ezagunak dira eta beste batzuk aste honetan zehar iragarriko dira.

Lau arlo nagusi

NBEk lau arlo nagusi aipatu ditu asteazken honetan, eta horietan funtsezkoa iruditzen zaio aurrerapen handiak egotea: uraren kudeaketa eta horretarako bidezko sarbidea, ur eta saneamendu sistemetan inbertitzea, erresilientzia hobetzea kontserbazioaren, berrerabilpenaren eta arazketaren bidez, eta klima aldaketaren aurkako borroka.

«Uraren mundu mailako krisiaren larriagotzeari erantzun diezaiokegu, baina soilik ahaztutako hau gogoratzen badugu: ura ez dator hodi batetik, naturatik baino ez dator. Uraren sektoreak naturari muzin egiteari utzi eta lehenbailehen lehengoratzen hasten bada baino ez du lortuko bere ur helburua», esan du ohar baten bidez Stuart Orr WWF GKEko kideak.

Buruzagi gutxi

NBEk Konferentzia honen izaera historikoaz behin eta berriz hitz egin duen arren, nazioarteko buruzagi gutxi batzuk joan dira New Yorkera bertan parte hartzera eta, oro har, ministroen edo maila txikiagoko beste kargu batzuen esku utzi dute ordezkaritza.

Antolatzaileez gain, Bolivia, Irak, Botswana, Bosnia eta Eslovenia izan dira maila gorenean esku hartzeko asmoa zuten herrialde bakarrak. Estatu batzuk lehen ministro edo lehen ministrordeek ordezkatuko dituzte.

«Gure liderrak ez dira parean jartzen ari gizateriaren krisi existentzial handienetako bati erantzuteko», deitoratu du ohar batean Avaaz kanpainako Patricia Martin Diaz espainiarrak.

Lider askorik ez dagoen arren, Nazio Batuen egoitza nagusia bete egin da, dozenaka ministro, milaka diplomatiko eta funtzionario eta gizarte zibileko 6.500 ordezkari baino gehiagorekin.