Jon Ormazabal
Interview
Unai Laso
Baikoko aurrelaria

«Nire jokoa, oldarkorra eta librea, ateratzen badut, zintzoa naiz nire buruarekin»

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak gorriz jantzita jokatuko duen lehen finala izango da igandekoa, Buruz Burukoa irabazi zuen leku berean, Nafarroa Arenan jokatuko dena. Baikok hala erabakita asteburuaren aurretik egindako elkarrizketa honetan bera izatearen garrantziaz mintzo da txapelduna.

Unai Laso, Nafarroa Arena kanpoaldean.
Unai Laso, Nafarroa Arena kanpoaldean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Unai, ia urtebete daramazu gorriz, nola joan da?

Bueno polita izan da, baina kosta egin zait. Txapela irabazi nuen eta gero bajoia eman zidan, azkenean urte oso gogorra izan zen aurrekoa fisikoki eta mentalki, hiru finaletara helduta, egunerokotasunean beti berdina egin... polita da baina mentalki baita gogorra ere. Beheraldia udan nabaritu nuen, gero lesioak etorri ziren; nik uste dut aurreko guztiaren ondorio izan zela eta udan sufritu nuen, partida asko jokatu nituen baina ez nire onenean. Lau eta Erdian, aldakako lesioa pasata, zalantzak nituen eta azkenean Elordi handi baten aurka eta Ezkurdiaren aurka galdu nuen, maila oso onean zeuden eta hala tokatu zen. Orain Binakakoan hemen gaude, gauza asko pasa dira txapelketan zehar baina azkenean iazko leku berera iritsi gara eta oso pozik. Gauza onak eta txarrak izan ditu esperientziak baina azkenean alde onekin geratzen zara.

Eta erregulartasun bat lortu duzu, beti hor goian.

Bai, hori da, azkenean oso harro nago horregatik, beti maila onean egotea, onenen aurka beti aurpegia emanaz. Azkenean horretarako entrenatzen dugu egunero, sentsazio horiek bilatu eta erregulartasun hori mantentzeko.

Bizi izan duzu gorriz janztearen presio hori?

Bai, esandakoa, bajoi txiki hori etortzen da eta gero maila horretara itzultzea kosta egiten da, baina horretarako entrenatzen dugu fisikoa, burua, dena... eta maila horretara heldu bazara, azkenean, lehenago edo beranduago, itzuliko zara. Nik uste gorriz ez ditudala partida txarrik egin, agian ez dut aurreko urteko maila eman partida batzuetan, askotan bai, baina zaila zen urte hain ona errepikatzea, hiru finaletara helduta. Kanpotik erraza ematen du baina oso-oso zaila da, maila handia dago. Begira, Binakakoan oso-oso bikote onak kanpoan geratu dira eta gu heldu gara finalera eta oso harro horretaz.

Eta enpresako erreferentzia izatearena?

Ez, nik askotan esan dut nik niretzat jokatzen dudala. Batzuetan bai pentsatzen duzu enpresarentzat ona litzatekeela honek irabaztea, baina nik uste pilotariak bere buruarentzat jokatzen duela. Ni naiz maila ona eman nahi duen lehena, ni naiz sariak lortu nahi ditudana. Anbizio handikoa naiz eta beti nire mailarik onena eman nahi dut eta azkenean ez dut presioaz pentsatzen, ze momentu txar asko pasa ditut eta orain gertatzen ari den dena opari bat da. Horrela pentsatzen saiatzen naiz eta, egia esan, hala pentsatzeak lagundu egiten dit.

Eta zure jokoa ere halakoa da, librea.

Bai, hori da, gozatu eta nire jokoa ateratzea. Azkenean, nire jokoa ateratzen badut, zintzoa naiz nire buruarekin; ez badut ateratzen, etxera joaten naiz «frontoian ez naiz ni izan» pentsatzen. Nire joko ona horrelakoa da, oldarkorra, pixka bat librea, eta horrela saiatzen naiz jokatzen. Askotan ezin da atera joko hori, edo txarto ateratzen da, ze asko arriskatzen dut, edo batzuetan bururik gabe gauza batzuk egiten ditut, baina ni izan behar naiz.

Azken hiru partidak mugan jokatuta atera dituzue aurrera.

Bai, hori da, eta horregatik irabazi ditut baita ere. Nik uste aurpegia eman dudala eta Gasteizen, nahiz eta 12-4 galtzen hasi, sentsazio onekin geunden; gure jokoa atera gabe ginen oraindik eta gero buelta eman genion. Egia da Tolosa ere jaitsi zela, Altuna ez zegoela eroso... Momentu asko pasatzen dira partida baten zehar eta azken partidetan asko gozatu nuen, ikusten zen kantxan. Horrela gozatzen egonda, gauzak ondo atera dira. Gero Labriten, nahiz eta nik ia perfektu jokatu, begira ze emaitzarekin amaitu genuen... eta Elordi oso urduri zegoen, Josek [Javier Zabaletak] sekulako partida jokatu zuen eta 22-19 irabazi genuen nik ia perfektu jokatzen. Bikote oso gogorrak daude.

Peio [Etxeberria] eta Rezustaren aurkako play-offeko partida mugarri bat izan zen?

Bai nik uste hura izan zela momentu kritikoena txapelketan. Zorionez ondo irten zen, 21-19 ari ginen galtzen eta irabazi genuen. Mariezkurrena nola zegoen ikusita, irabaztea oso zaila izango zela uste genuen eta, egia esan, momentu kritikoa izan zen baina ondo irten zen. Eta ez zen irten zorteagatik bakarrik, nik uste ez nuela oso partida ona egin, baina asmatu behar zen momentuetan asmatu nuen. Oso nekatuta nengoen baina ausardia horrek eman zidan azkenean garaipena.

«Peio eta Rezustaren play-offa txapelketako momentu kritikoena izan zen. Zorionez ondo irten zen, 21-19 ari ginen galtzen eta irabazi genuen»

Kanpotik begiratuta, aurtengo txapelketa iazkoa baina zailagoa izan da zuentzat.

Tira, nik uste partidak zailagoak izan direlako. Iaz, agian, maila hobean ginen eta aurten ligaxkan ez dugu partida oso oso onik egin, batzuk onak izan dira, besteak ez. Baina azkenean leku berean gaude, hemen gaude finalean eta horretan pentsatu behar dugu. Orain partida bakar bat falta da eta partida txar eta on denak ahazten dira, igandean jokatu behar da.

Nafarroa Arenan jokatzea zuretzat ona da?

Bai, azkenean esperientzia ederra daukat frontoi honetan, etortzen naizen bakoitzean bibrazio onak ematen dizkit, momentu oso ona pasa nuelako hemen eta gustatzen zait. Gainera Nafarroan, etxetik gertu, nire jendearentzat oso polita da hemen jokatzea, frontoi oso polita da gainera ikusteko, jendea gainean dago eta horrek ni motibatu egiten nau, azkenean Bilbokoa hotzagoa da.

Labriteko zenbait partidetan Jokin Altunak txistuak entzun ditu; zer da, gaizki ulertutako norgehiagoka bat?

Frontoi guztietan errespetua egon behar da, badakigu partidan gauza asko gertatu ahal direla, baina ezin dira irainak egon, azkenean errespetua izan behar da. Batzuk nire aldekoak izango dira, beste batzuk Altunaren aldekoak, Ezkurdiaren aldekoak... baina euren artean errespetua egon behar da. Norgehiagoka beti izango da, baina Altunaren aurkako finalerdi eta finaletan gure zaleak beti ondo eraman dira eta errespetuz, eta horixe nahi dugu, ez dugu hooliganik nahi. Saltsa ona da, baina errespetuarekin. Gaizki iruditu zitzaidan baina baita ere esan behar da jarraitzaile guztiak ez direla horrelakoak. Labriten badakigu ze festa egoten den, alkoholarekin oreka mantentzea zaila izaten da askotan, baina normalean ez da halakorik gertatzen eta ez zaio oihartzun handirik eman behar ze normalean errespetua egoten da.

«Zaleen arteko norgehiagoka ona da, baina errespetuarekin. [...] Ez dugu ‘hooliganik’ egotea nahi»

Irribarriarekin gertatutakoak pentsarazi dizu?

Bai, esan nuen bere garaian, pentsarazten dizu pribilegiatu bat zarela, oraindik ez dudala lesio larririk izan eta saiatu behar da hori baloratzen. Azken finean nik baino urte bat gehiago du, betidanik ezagutzen dut, sekulako pilotaria, oraindik sasoia zuen, baina belaunak ez dio utzi. Nik badakit egon dela mediku guztietan, ahal duen guztia egin duela eta azkenean erabaki hori ez da kapritxo bat. Jende askok galdetu dit ea belaunagatik den benetan eta nik erantzun diet ea nola pentsa dezaketen 26 urterekin utziko duela bestela. Mentalki ere ziur une txarrak pasa dituela, baina horri buelta ematen zaio; gorputzak ez badizu erantzuten, ezin da. Nork egingo dio uko halako bizimodu bati? Gurea behar bezala baloratzeko balio dute halakoek.