Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Jaitsiera fasera begira, zeresan handia izan lezakeen garaipena eskuratu du Beti Onakek

Beti Onakek garaipena lortu du Granollersen (25-27). Jaitsiera fasea jokatu behar duela jakitun, hauspoa ez ezik, zeresan handia izan dezakete bi puntu hauek. Zuazok galdu egin du A Guardan (28-21) eta burua ezin altxatuta dabil. Bera Berak, lehen postua ziurtatuta, irabazi egin du Telden (31-32).

Lyndie Tchaptchet Capdevila gelditu nahian.
Lyndie Tchaptchet Capdevila gelditu nahian. (BM GRANOLLERS)

Liga erregularra bukatzeko jardunaldi baten faltan, saihetsezina da hurrengo erronkei begiratzea eta gaur gaurkoz, hori jaitsiera fasea da Beti Onakentzat. Gauza ziurra da Atarrabiako taldeak salbazioa borrokatu beharko duela behin liga erregularra bukatuta eta beraz, Granollersen eskuratutako garaipenak zeresan handia eduki lezake.

Izan ere, kataluniarrek eskura zeukaten jardunaldi honetan 8. postura igotzea –Motive.co Gijonek galdu egin du Elxen eta puntu batera zegoen– baina huts egin dute etxean eta hurrengo partida Valladoliden irabazi ez ezik, asturiarrek azken sailkatu Grafometal La Riojaren aurka galdu beharko lukete.

Beraz, kalkuluak egiten hasita dira nafarrak. Jaitsiera fasera azken lau sailkatuen aurka batutako puntuak eramango dituzte eta Granollersen eskuratutako biekin, 9 punturekin abiatuko luke txapelketa berria. Katalanak dira hurrengoak, 6 punturekin; errioxarrek 4 batu dituzte eta azkenik, Zuazok, 3. Denek denen aurka jokatu beharko dute eta puntu gutxien pilatzen dituzten bi talde jaitsiko dira.

Hala, gauzak asko okertu beharko lirateke Beti Onakentzat. Are gehiago, Granollersen irabazteak suposatzen duen hauspoa lagun izanda. Sekula ez da izan kantxa erraza, ezta aurten ere, nahiz eta, oro har, kaskarrago aritu diren. Dena dela, atzetik aurrera egin dute katalanek. Dolores Martin entrenatzailea kaleratu eta Robert Cuestak –Rocasan zebilen– hartu zuen taldea goranzko bidean jartzeko ardura. Eta hein handi batean lortu du, jardunaldi baten faltan salbazioa lortu baitezake.

Beti Onakek jada aukera hori galduta dauka baina denboraldi honetan erakutsi du Ohorezko Mailan lehiatzeko berme guztiak dituela, eta horretarako borrokan jarraituko duela. Ez du lan samurra izan Granollersen. Lehen 17 minutuak jokatuta, lau gol atzetik kokatu baita Miguel Etxeberriak zuzendutako taldea (9-5). Atsedenaldirako, ordea, markagailua iraultzea lortu du. Tchaptchet, Estitxu Rodriguez, Eider Hernandez eta Paula Garciaren bi golekin 1-5eko partziala ezarrita, partidako lehen berdinketa lortu dute (10-10).

Lehen zatiko azken 10 minutuetan, gainera, aurkariak baino bi gol gehiago eginda -aipatu izenak berriro ere protagonista–, aurretik joan da atsedenaldira (14-16).

Bigarren zatia, espero legez, zeharo parekatua izan da. Etxekoek hemezortzina berdintzea lortu dute eta hortik aurrera, gol-kontra gol dinamikan sartu da partida. Eider Hernandezek bi gol jarraian eginda partida apur bat apurtzea lortu duen arte (22-24, 23. minutuan). Hutsartea eskatu du orduan Robert Cuestak, azken hitza oraindik ere esan gabe zegoela erakusteko.

Capdevilak aldea murriztu du (23-24) baina Paula Garciak berriro handitu (23-25). Paula Hercek bi gol jarraian eginda berdinketa ezarri du 3 minuturen faltan (25-25) eta gaitz erdi Eider Hernandez agertu dela berriro nafarrei aurretik jartzeko (25-26). Hiru minutu luze geratzen ziren oraindik ere, baina lortu dute aurkariaren erasoa gelditzea eta gainera, azken gola alde izatea (25-27, Valeska Lovera).

Zuazo, burua ezin altxata

Zuazok, bestalde, burua ezin altxata jarraitzen du. Galdu egin du, larunbat honetan, A Guardan (28-21) eta hurrengo astean Grafometal La Riojak irabazi eta berak galduz gero, azken postuan buka lezake liga erregularra.

Arazo ekonomikoak eta honek eragindako zurrunbilotik ezin irtenda daude bizkaitarrak. Bazirudien azkenera arte borrokatuko zutela 8. postu hori lortzeko baina azkenean indarrak ahultzen joan dira, bai fisikoak eta baita mentalak ere. Etxean, Beti Onak bezalako arerio zuzen baten aurka galtzeak min eman zuen. Orain, 8 porrot segidan pilatuta, moralez oso baxu iritsiko da jaitsiera fasera eta gaur gaurkoz, soilik 3 punturekin iritsiko litzateke.

Lan asko egin beharko dute bizkaitarrek baina jaitsera saihesteaz gain, beste arazo batzuk konpontzea ere badagokio klubari, desagerpenera kondenatu nahi ez baldin badu. Jaitsi edo ez, klubak jada iragarri du Mada Fernandez-Agusti lehen lerroko jokalariak ez duela jarraituko. Iaz bezala, taldeko golegile nagusia da –89 golekin, oraingoz– eta gaur, beste behin, partidako golegile nagusia izan da, 7 golekin.

Asturiarra duela lau denboraldi iritsi zen Barakaldora eta urrats handiak eman ditu urtez urte, azken bi denboraldietan taldearen iparrorratzetako bat bilakatzeraino. Oviedokoarena ez da baja bakarra izango.

Bera Beraren garaipena Telden

Rocasa eta Bera Beraren arteko neurketek beti izan ohi dute oihartzun handia baina liga erregularra bukatzeko bi partidaren faltan, apur bat deskafeinatua suertatu da. Izan ere, donostiarrek ziurtatuta daukate lehendabiziko postua –eta beraz, zortzigarrenaren aurka lehiatuko dira liga irabazteko play-offean– eta kanariarren helburu bakarra bigarren edo hirugarren bukatzea da. Beraz, partida atarikoan emozio gutxi sumatu da, nahiz eta behin dema hasita espero zen tentsio puntu eskaini duten jokalariek; baita partida berak ere.

Azken unera arte ez da erabaki, Bera Beraren alde, baina etxekoek azken jaurtiketa bat izan dute partida berdintzeko. Maddi Aalla handi bilakatu da eta azkenean, jaurtiketak zutoina jo du. Aldeko gola bailitzan ospatu dute donostiarrek, 20 segundoren faltan, baloi jabetza alde eta 31-32 markagailua baitzeukaten.

Hurrengo jardunaldiak, 22.enak, euskal derbia jasoko du Jose Antonio Gasca kiroldegian, bi asteburu barru. Zuazok bisitatuko du Donostia (apirilaren 15ean, 13.00etan) eta Beti Onakek Elx jasoko du (apirilaren 15ean, 19.00etan).