NAIZ

Adegi patronalak Gipuzkoako metalaren hitzarmena sinatu du ELA eta UGT sindikatuekin

Gipuzkoako metalaren hitzarmena sinatu du Adegi patronalak ELA eta UGT sindikatuekin. LABek eta CCOOk ez dute akordioa sinatu, «askoz hobea» izan zitekeela uste dutelako. Lurralde historiko osoko 30.000 langileri eragingo die testuak.

ELAk egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
ELAk egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (ELA)

Adegi patronalak eta ELA eta UGT sindikatuek Gipuzkoako metalaren hitzarmena sinatu dute lau urterako. Lurralde historikoko 30.000 langile baino gehiagori eragingo die. Hilaren hasieran sinatu zuten aurreakordioa.

LABek eta CCOOk aurretiaz adierazi zuten ez zutela hitzarmena sinatuko, testu «askoz hobea» lortu zitekeelako ELAk «negoziazioa bahitu» ez balu. ELAren ustez, ordea «Hego Euskal Herriko metalaren hitzarmen onena» da eta «soldata igoera eta eskubideetan hobekuntza nabarmenak» ditu.

Adegik ELA eta UGTrekin sinatutako akordioak soldataren %5eko igoera ekarriko du aurten, 2024an %0,7 gehi KPIren igoera eta hurrengo bi urteetarako KPIren igoera, patronalak planteatu bezala. Ondorioz, ELAk azaldu duenez, lan bera egiteagatik «alde handia» sortzen da Gipuzkoako eta gainerako Hego Euskal Herriko metaleko langileen soldaten artean: «Tauletan %20 eta %47 baino handiagoak da alde hori lanpostuaren arabera».

ELAk eta UGTk duten gehiengoa dela eta hitzarmenak sektore osoari eragingo dio, baina enpresa askok akordio propioak negoziatzen dituzte, baldintza horiek hobetzen dituztenak. ELAren ustez sinatutako testua «oinarririk onena» da enpresa mailako hitzarmenen negoziazioekin jarraitzeko.

UGTk adierazi du akordioak «laneguna hobetu eta adi baterako ezintasunaren arloko ordainsarien %100 ezartzen» duela. Hala ere, sindikatuak ohartarazi du lanean jarraituko dutela etorkizuneko hitzarmenak hobetzeko.