NAIZ
Donostia

Martutene eta Txominerako osasun, kultur eta kirol ekipamenduak exijitu dituzte bizilagunek

«Zerbitzu publiko gehiago» eta «gezur gehiago ez» lelopean, manifestazioa egin dute Martutene eta Txomin Eneako bizilagunek, udal Gobernuari «hitza betetzeko» eta osasun, kirol eta kultur ekipamenduak eskatzeko.

Martutene eta Txomin Eneako bizilagunen manifestazioa, ostegun arratsaldean.
Martutene eta Txomin Eneako bizilagunen manifestazioa, ostegun arratsaldean. (NAIZ)

Lanberri Txomin Enea eta Martutene Bizirik elkarteek deituta, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean bi auzo horietan, Donostiako udal Gobernuari osasun, kirol eta kultur ekipamenduak eskatzeko. 300 lagunetik gora bildu ziren, antolatzaileen arabera.

Igandeko hauteskundeen atarian, iragan berri dena Txomin Enean «galdutako legealdia» izan dela nabarmendu zuten, udal Gobernuak «ez dituelako oraindik bultzatu auzoak behar dituen ekipamenduak».

«Kirol eta kultur ekipamenduak ahaztu dituzte EAJk eta PSEk nahiz eta promesa egin zuten orain dela lau urte hauteskunde garaian eta Hirigintza Planean aurreikusita egon eta Udalbatzak onartuta», salatu dute. Gogoratu dutenez, Lanberrik hainbat aldiz eskatu du e«raikin berri hauek definitzeko prozesua bultzatzea baina isiltasuna jaso dugu soilik».

Martutenen ere gauza bera gertatzen dela azaldu zuten: «Bi auzoek partekatzen dugun osasun zentroa, orain dela 40 urte edo gehiagokoa, zaharkitua gelditu da. Kirol ekipamendurik ez dugu eta kultur ekipamendu murriztuak ditugu».

Bizilagunek diotenez, 2020an salatu zuten udal Gobernuak «Txomin Eneako urbanizazio lanak egiteko ia 1,6 milioi euro desbideratu zituela, ‘Hondalea’ Santa Klara irlaren eskulturara zuzentzeko».

Horretaz gain, «Arteleku plazako lanak bukatu dituzte (atzerapen handiarekin) baina diseinua ez da bizilagunok bozkatu genuena eta urbanizazioak ekipamenduen kokapena guztiz baldintzatu du».

2022ko urtarrilean bi auzoen artean dagoen eskolak jasan zuen istripu larria ere ekarri zuten gogora eta kexu agertu ziren horren ondoren ez dutelako «neurri bat bera ere hartu, nahiz eta auzoko eragileekin izandako bilera bakarrean baiezkoa jaso».

Udalak Martutenen duela lau urtetik dagoen «behin-behineko errotonda arriskutsua» 2022ko aurrekontuen arabera berregingo zuela azaldu bazuen ere, oraindik ere egoera berean jarraitzen duela deitoratu zuten, eta legealdi honetan trenbidearen pasagunea «alternatibarik eskaini gabe itxi dutela ere aipatu zuten, «Barkaiztegi aldeko bizilagunak isolaturik utziz».

Horregatik guztiagatik, alkateari «hitza betetzeko» eskatu diote eta osasun, kirol eta kultur ekipamenduak eraiki ditzala.

«Txomin Enean eta Martutenen ez dago udal ekipamendurik, auzoaren populazioa asko hazi da, beraz zerbitzu hauek gero eta beharrezkoak dira. Bi auzoek partekatzen dugun eskola inguruko bide segurtasuna bermatu behar da» aldarrikatu dute, auzotarrekin komunikazioa hobetzeko beharra nabarmentzearekin batera.