Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nuccio Ordineren ‘Alferrikakoaren balioa’ eman du Pamielak, Fernando Reyk itzulita

Pamiela argitaletxeak Nuccio Ordineren ‘Alferrikakoaren balioa’ saiakera eman du argitara, Fernando Reyk itzulita. Astearte honetan aurkeztu dute lan berria, Donostiako Udal Liburutegian.

Fernando Rey, ‘Alferrikakoaren balioa’ lanaren itzultzailea.
Fernando Rey, ‘Alferrikakoaren balioa’ lanaren itzultzailea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Oximoron bat dakar izenburuan Fernando Rey itzultzaileak Pamiela argitaletxearen eskutik ekarri duen liburu berriak. Saiakera bat da, baina manifestu bat ere bai, Nuccio Ordine filosofo klasiko italiarraren ezagunena: ‘Alferrikakoaren balioa’. Astearte goiz honetan aurkeztu dute lan berria Donostian.

Duela hamar urte argitaratu zen lanak –‘L'utilità dell'inutile’ (Bompiani, 2013)– zahartu ez izanaren meritu deserosoa du, berri irauten du tristeki, ez baita iraungiko neoliberalismoa baino lehen, ezinezkoa da. Egiten baitio aldarri, hain zuzen, egungo –eta ‘egungo’ uler daiteke Grezia klasikoaren denboretatik– munduak baztertzen duen horri. «Liburuaren mezu nagusia, zera da: bultzatu beharra dago gizarte neoliberal honek alferrikakotzat jotzen duena, honek baizik ez baitu salbatuko gizakia eta gizartea», bota du Fernando Reyk. Eta beste modu batera ulertuta, hau ere itzultzailearen ahotan: «Mundu honek balioa aitortzen dion horrek askotan ez du balio».

Etekin ekomonikorik ez duten alferrikakoei egiten die gorazarre, horregatik, Ordinek. Nola mantso bizitzeari, hala arteari, filosofiari, musikari, edertasunari. «Klasikoek bizitzen laguntzen digute», iritzi dio Ordinek, iraganak etorkizuna egiten duen modu berean eta, horregatik, liburuaren lehen zatian klasikoen zeharbideak ibiliko ditu, balio eta baliogabeen inguruan literaturak eman dituen mezuak errepasatuz. Agertuko dira Platon, Ionesko, Okakura, Rilke, Vargas Llosa, Voltaire, Dante Alighieri, Kant, Shakespeare eta beste hainbat –esan behar da– gizon.

Albert Einsteinen aipu batekin –«Ez dut talentu berezirik. Bai, ordea, ikaragarrizko jakin-mina»– ekingo dio Ordinek liburuaren bigarren zatiari. Unibertsitateetaz mintzatuko da bertan, esanez enpresa modura funtzionatzen dutela egun eta bezerotzat dituztela ikasleak. Deitoratuko du, ikasteak berez duen balioa aitortu beharrean, etekin ekonomikora soilik eramaten duen zinta mekanikoak direla hezkuntza erakunde hauek. «Zergatik ikasi filologia, filosofia, arte humanitateak, ez badute etekin ekonomikorik ematen? Mezu hori askotan entzun izan dugu. Eta erantzun bat ematen du Ordinek: ezagutzak eta jakintzak berez du balioa eta ikasi behar dugu plazer hutsa dela ikastea», agertu du Reyk.

Nuccio Ordineren ekarpena bukatzeko –baina liburua ez da hemen amaitzen–, beste gogoeta batera zabaltzen da manifestua. Hurkoaren jabe izateko nahiari buruz arituko da filosofia eta horren arriskuen inguruan ohartaraziko du. Zeren, jabe izateko nahi horrek ekartzen ditu «gerrak herrialdeen artean», edo «hiltzen du maitasuna, eta etortzen dira izugarrikeriak», aipatu du itzultzaileak, eta borobildu: «Giza duintasuna hiltzen bukatzen dugu».

Akaberako orriak Abraham Flexner hezitzaile estatubatuarrari mailegatu dizkio Pamielak eta, eskupeko modura, bere saiakera bat eskaini du: ‘Alferrikako ezagupenen balioa’.

Hogeita lauen artean, euskara

Ordinek utilitarismoari egiten dion ultimatuma zentzuz janzten du, berez, ‘Alferrikakoaren balioa’ euskarara ekartzeak. Neoliberalismoak egingo luke galdera, halako bide batetik: «Zertarako, jadanik hainbeste erdaratara itzulita badago?». Bada, Ordine bera sartu da aurrez grabatutako audio batekin Donostiako Udal Liburutegian egin aurkezpenera, zuzendu zaio euskal irakurle berriari eta erantzun dio mantra ekonomizistari: «Irakurle maiteak; niretzako poz izugarria da jakitea ‘L'utilità dell'inutile’-k euskaraz ere hitz egiten duela orain. Harrotasunez betetzen nau, 24 hizkuntzen artean, euskara egoteak. Hizkuntzen aniztasuna babestu behar dugu, hizkuntza bakoitza gizartea eta gizakia ulertzeko modu bat baita. Aldiz, hiltzen utzi den hizkuntza bakoitza gure errealitatea ulertu ahal izateko ixten den leiho bat da».