Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Iñaki Osa Goikoetxea
Puntista ohia eta Eraman Jai Alaiko kirol zuzendaria

«Nahiko sendotuta dago Jai Alai Liga eta ate gehiago ireki behar ditugu»

Iñaki Osa Goikoetxeak (Zumaia, 1980) duela urtebete aparkatu zuen xistera, 20 urteko kirol ibilbide oparoari Winter Serieseko finalean amaiera jarrita. Ordutik kirol zuzendari lanetan dabil Eraman Jai Alai enpresan, zesta-puntaren biziberritzean lanean diharduen enpresa.

Iñaki Osa Goikoetxea, Zumaian.
Iñaki Osa Goikoetxea, Zumaian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ez dut faltan botatzen kantxa barruan egotea, eta azkenengo denboran kantxatik kanpo gehiago disfrutatzen ari naiz. Partida politak ateratzen ari dira. Zesta-punta momentu polit batean dago», dio Iñaki Osa Goikoetxeak, hedabide honen telefono deiari erantzunda. Eraman Jai Alai enpresan kirol zuzendari lanetan dabil iaztik, eta iruditzen zaio «bilakaera ondo eraman» duela. Lasaiago dabil eta zesta-puntaren loraldi berri honekin gozatzen dihardu. Moda kontua izan edo ez, –«hemen ez dago ezer ziur»–, Jai Alai Liga eta zesta-punta sendotzen ari direla uste du: «Ea jarraitzerik daukagun pilotaleku gehiago irekitzen eta txapelketa gehiago jokatzen».

Azken urte honetan, zer irabazi duzu?

Nik uste nuen denbora libre asko edukiko nuela, ez nuelako entrenatu behar hainbeste. Baina ez dut irabazi denborarik. Irabazi dut disfrutatzea kirol hau beste modu batera. Beste perspektiba batez, beste modu batera disfrutatzen ditut partidak, ikusten. Pentsatzen dut lehen nekatuta nengoela entrenamendu eta partidekin, kostatu egiten zitzaidan beste partidak ikustea; eta gaur egun astelehena iristen da eta gustura joaten naiz pilotalekura.

Aurten maila handia dago. Garrantzitsua zen denboraldi honetan gazteen presentzia handiagoa eta maila altuago batean egotea?

Bai. Oso garrantzitsua da kirolarentzat gazteak sartzea eta erreferentzia berri batzuk edukitzea. Aurten, Winter Seriesean batez besteko adina asko jaitsi da lehen ediziotik. Partidatan ere maila ona eman dute gazteek, eta beteranoei aurre egiteko inolako arazo gabe.

Pozgarria izango da zuretzat, zu aurrelaria izan zinela jakinda, Urreisti, Urrutia hor egotea eta maila oso altua eskaintzen, ezta?

Zalantzarik gabe. Maila ona daukate, biak gainera joko ezberdina egiten dute, bata defentsa handikoa da eta bestea oso oldarkorra erasoan. Atzealdean, Manci ondo ikusten da, Ibarluzea ere sendotzen ari da.

Hau guztia, gazteen maila altuago hau, zeren ondorioa da? Zesta-eskolen lan ona, aukerak ematearena...

Lehenik eta behin, beraien klubetan egin den lanarengatik. Urte askoan egindako itzaleko lana izaten da, eta eskerrak klub hauek lan egiten duten gazte hauen maila hobetzen. Txapelketa ezberdinak jokatzen dituzte, eta ondoren profesionaletan aukerak ematen hasteak mailaz hobetzeko aukera ematen die.

Profesionalekin jokatzeko aukera horiek ezinbestekoak dira.

Bai, hori da. Aurreko urtean gazte hauetako batzuek atariko kanporaketak jokatu zituzten, beste batzuk egonkorrago ibili dira txapelketa batzuetan. Eta ikusita beraien maila zein izan den urte osoan zehar, Winter Seriesean sartu eta txukun aritu dira.

Aipatu duzu zesta eskolen ezinbesteko lana. Jarraitzen duzu hauetan egiten den lana? Zure kirol zuzendari lanetan horien jarraipena egitea dago?

Bai, nahiko nukeena baino gutxiago. Gehiago ibili beharko nintzateke, txapelketa gehiago ikusi. Oso garrantzitsua da klub hauek egiten duten lana.

Klub hauek nolabaiteko fruitua ere jasotzen ari dira, loraldi honetan ume gehiago daudelako izena ematen. Sasoi onean dago?

Ikusten da zesta-punta bolada onean dagoela. Federatu gehiago daude, ume gehiago batzen ari dira zesta eskoletan eta hauentzat garrantzitsua da erreferentziak edukitzea, eta erreferentzia hauekin jokatzen gazte eta belaunaldi berriak ere ikustea.

«Federatu gehiago daude, ume gehiago batzen ari dira zesta eskoletan eta hauentzat oso garrantzitsua da erreferentziak edukitzea»

Winter Series da denboraldiko txapelketa garrantzitsuenetakoa. Hala ere, jokatzen den herri bakoitzean harmailak bete egiten dira. Zein da, oro har, enpresaren balorazioa?

Positiboa da. Urtetik urtera urratsak egiten ari gara, aurten adibidez Estatu Batuetara jauzi egingo dugu. Bertan txapelketa bat antolatuko dugu. Lehenengo Jai Alai Ligatik, lau txapelketa izan zirela, iazko urtera, bikoiztu egin ziren txapelketak (zortzi), eta aurten jada hamahiru dira. Liga ere sendotzen ari da, eta une onean dago. Lan asko egiten ari dira pilotaleku guztietan, sendotasun hori lortzeko. Ea jarraitzerik daukagun pilotaleku gehiago irekitzen eta txapelketa gehiago jokatzen.

Badago beldur edo kezkaren bat hau moda bat izan daitekeela eta gainbehera etor daitekeela?

Ezer ez dago seguru. Hala ere, liga nahiko sendotuta ikusten dut orain. Urte osoko egutegi bat dago, egonkortzen ari da. Une honetan aurrera begira jarraitu behar dugu, lana orain arte bezala egiten, kirola sendotzen eta ate gehiago irekitzen.

Bai zuk eta bai eskarmentu handiko puntistek diozue partida gehiago jokatzea falta dela. Estatu Batuetan ia egunero jokatzen zenituzten kinielak, hemen zazpi egunetik behin izaten dira partidak. Alde horretatik emango da urratsik, edo ezberdina da hemengo bizimodua eta AEBkoa?

Nik jokatu nituen 20 urte, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, eta monotono bezala bilakatu zen, jendea ere aspertu egiten zen. Baina pilotarientzat hori onena da formatzeko, esperientzia hartzeko eta asko ikasten da egunero jokatzen. Hemen badaude urtean garai batzuk partida gutxiago jokatzen direla, baina udan, adibidez, partida asko batzen dira. Oreka hau ea gehiago luza daitekeen, urte osoan partida gehiago egoteko. Azken urte hauetan partida gehiago jokatzen ari dira, baina are gehiago jokatzeko aukera baldin badago, ideala litzateke.

Asteleheneko partidan, adibidez, asko igarri zen Erkiagaren eskarmentua. Lasaitasun handia dauka pilotalekua menderatzeko orduan, eta hori bada AEBko esperientzia luzearen seinale.

Gauza bat da lasaitasun hori, urteen poderioz hartu duela. Esperientzia gehien daukan pilotaria da. Maila aldetik ere, besteekiko goitik dago. Argi dago AEBn jokatu dituen urte guzti hauek lagundu diotela erregulartasuna edukitzeko. Finalean arituko diren beste hiru pilotariek ere urteen poderioz lortuko dute esperientzia hori; maila ere handituko dute seguru, eta ohituko dira egoera ezberdinak menderatzera.

Ikusten da fisikoki ere asko hobetu dutela.

Gaur egungo pilotariak fisikoki oso prestatuta daude. Ez dira nekatzen partida guztian. Astean zehar lan handia egiten dute partidan %100ean egoteko, eta hori igartzen da.

Puntisten profila ere aldatu da. Orain askok beraien lana badute, gutxi batzuk dira %100 profesionalak.

Badaude batzuk zesta-puntatik bizi direnak. Beste batzuek lanarekin uztartzen dute. Ideala litzateke puntista gehiagok aukera izatea zesta-puntatik bizitzeko. Ea bide hori urratzeko aukera dagoen. Zenbat eta pilotari gehiago eduki %100 profesional, hobeto.

Duela urte batzuk aurkeztu zen Eraman Jai Alai pilotarien enpresa bezala. Zazpi puntista sartu zineten orduan. Zu erretiratu zara. Orain bertan zein da egoera?

Enpresan hamalau-hamabost pilotari egongo dira urtean zehar partida minimo batzuk ziurtatuta dauzkatenak, eta segur aski Grand Slam guztietan lehiatuko direnak ere bai. Egonkortasun bat eskaintzea da asmoa.

«Presio puntu hori eramaten dakienak eta partida horretan konfiantzaz ateratzen denak abantaila gehiago edukiko du finala irabazteko»

Egutegia aberasten doa. Eta, bestalde, ranking-a dago. Honek zer ekarri du?

Puntistek lehen postu horietan egon nahi dute. Puntistek ere badaukate presio puntu hori. Ez delako berdina lehen postuan geratzea edo azkena. Azken doana sufritzen egongo da emaitza on bat ateratzeko, edozein txapelketetan eta sailkapenean gora egiteko.

Winter Serieseko finala dator. Astelehenean ikusi zen nola dauden bi bikoteak. Ez du zerikusirik edukiko finalarekin. Pronostikorik?

Biharko finalerdietako azken partida bukatutakoan, finalistek protagonismo gehiago hartuko dute aste guztian. Presio puntu hori eramaten dakienak eta partida horretan konfiantzaz ateratzen denak abantaila gehiago edukiko du partida irabazteko.