NAIZ

1990ean Kubako Munduko Pilota Txapelketako jokalariek selekzioaren ofizialtasuna txalotu dute

Duela 35 urte Kuban jokatu zen Munduko Euskal Pilota Txapelketan izan ziren jokalariak agerraldia egin dute; izan ere, «bazen garaia» Euskal Pilota Selekzioaren ofizialtasuna aitortzeko. Hala ere, «zazpiak bat ordezkatzen duen» selekzio bat aldarrikatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute.

1990ean Kuban Munduko Pilota Txapelketa ospatu zen eta bertan izan ziren Euskal Herriko zenbait jokalari eta zale ofizialtasunaren aldarria hauspotuz. Astearte honetan, azkenean lortu izana ospatu dute: «Bazen garaia», adierazi dute Gernikako lehiaketaren bezperetan. «Oso harro sentitzen gara euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen hark gerora balio izan duelako», laburbildu dute.

Gernikan ekainaren 1etik 6ra jokatuko den Munduko Kopa txapelketaren harira agerraldia egin dute, bertan jokatuko duelako lehen aldiz selekzioak ofizialki. Kubako aintzindari haien ordezkari gisa Martxel Toledok adierazi duenez, «nola ez gara ba pozik egongo euskal pilotariak ikurrinarekin eta bere selekzioa ordekzatuz lehiatzen ikusteko aukera izango dugunean?».

Datorren astean arituko direnei babesa eta animoak helarazi badizkiete ere, oraindik ere «aldarrikatzen jarraitzeko motiboak» badaudela azpimarratu dute. «Benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa» defendatu dute, «zazpiak bat ordezkatzen duena, ukazio eta probokazio guztien gainetik.

«35 urte pasa behar izan dira aldarrikapen harekin hasitako borrokaren fruituak ikusi ahal izateko. Azkenean, zorionez, urte guzti hauetako saiakerak eta borroka ezberdinak gerturatu gara helmuga ingurura», gaineratu dute.

Agerraldian egon dira Kubako txapelketa hartan palan aritu ziren Luis Zeberio, Tomas Lacalle, Xabier Iragorri eta Rape Astorkia; erremontea eskuan jardun zuten Pako Kalonjek, Txetxu Iriartek, Jokin Etxabek eta Iñaki Zubeldiak; joko garbiko jokalariak ziren Mariekurrena, Segurola, Zaldua, Alonso eta Mujika; federazioaren ordezkari ziren Kiko Caballero, Peio Urtasun eta Xabier Martinez; eta kirol taldeetako arduradun gisa aritu ziren Josean Jauregi, Jesus Mari Unanue eta Martxel Toledo.