NAIZ

‘Uraren lokarriak’ emanaldia egingo dute Azpeitian, urriaren 12an, Txiki eta Otaegi gogoan

Azpeitiako hainbat diziplinatako sortzaileek ‘Uraren lokarriak’ lana ondu dute eta urriaren 12an plazaratuko dute Soreasu antzokian. «Txiki eta Otaegiren fusilamenduen akordutik sortua, eta etorkizunari begiratzen diona», azaldu dute.

‘Uraren lokarriak’ lana aurkeztuko dute urriaren 12an Azpeitian.
‘Uraren lokarriak’ lana aurkeztuko dute urriaren 12an Azpeitian. (Uraren lokarriak)

Auzolan artistikoa oinarri, ‘Uraren lokarriak’ emanaldi berezia sortu dute Azpeitian, herriko hainbat norbanako eta talderen gogo eta ahaleginetik sortua. «Memoria ariketa kolektiboa, etorkizunari begira» adierazi dute ohar baten bidez.

«Horren guztiaren pizgarria izan da, duela 50 urte, 1975ean, Frankoren erregimenak burutu zituen hilketa lazgarri haien akordua. Irailaren 27ko goiz itsu hartan, Txiki eta Otaegi ez ezik, Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten. Argirik gabeko egun hartatik ere bagatoz».

Garai hura oroitzetik abiatuta, «askotariko herritarren lana, borroka eta konpromisoa aintzatetsiz, gaurko eta biharko Euskal Herriari» begiratuko diote urriaren 12an Azpeitiako Soreasu antzokian aurkeztuko duten lana. «Otaegi eta Txiki, iragana eta geroa, uraren lokarriz lotu nahi izan ditugu orain, bakoitzak geuretik emanda: hitza, irudia, testigantzak, musika, dantza, antzerkia eta kantua lotu ditugu apaltasunez, herritik jaso duguna herriari erakusteko».

«Angel Otaegiren Nuarbeko urek, goitik behera etxez etxe kostaraino eramango gaituzte. Han, Txikiren memoriarekin bat egin, eta herri gisa euskaldunok gaurko munduko uretan zer esan eta zer egin dezakegun hausnartzeko printzak plazaratuko ditugu. Gogoeta eta emozioak, argi bila isuriak», azaldu dute. Uraren lokarri horietatik «geroa josteko» helburuz ere sortu dute lana.

«Uste dugu iragana geure egiten hasi ezean, ez dagoela oraina duintasunez bizitzeko aukerarik. Inoiz hara iristen bagara, berriz, memoriaren urek eramango gaituzte etorkizunera. Eta ez genuke nahi etorkizunik inor gabe, bakarrik egoteko. Elkarri lotuta gara menderaezin: ‘Uraren lokarriak’».