Asier Aiestaran
Kazetaria

Jaka eta Iztueta nagusi luzaroan gogoratuko dugun San Mateo Torneoaren finalean

Baikoko bikoteak 18-22 menderatu du Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osatutako ezohiko bikotea. Erritmo oso bizian jokatutako finalean, arbizuarra ederki moldatu da atzean, baina azkenean amore eman behar izan du Iztuetaren pilotakada bikainen eta Jakaren inspirazioaren aurrean.

Sari banaketa Adarragako Logroño pilotalekuan.
Sari banaketa Adarragako Logroño pilotalekuan. (ASPE PELOTA)

Erik Jaka eta Martxel Iztueta dira aurtengo San Mateo Torneoaren irabazleak, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiari 18-22 irabazita. Espero zitekeen bezala, Ezkurdia atzelari lanetan jarri izanak finala erabat baldintzatu du eta erritmo oso bizian jokatu da, lau pilotariak oso aurrean zirela. Bikain moldatu da arbizuarra, baina azken txanpan Iztuetaren pilotakada bikainek eta Jakaren inspirazioak urdinen alde eraman du balantza.

Adarraga pilotalekuko harmailak leporaino beteta eta pilota-giro ederrarekin, bikote gorria hobeto sartu da finalean. Altunak lehen bi tantoak txokoan egin ditu eta hirugarren bat sakez 3-0 aurreratzeko. Apur bat geroago, Joseba Ezkurdiak horma-biko antologikoa sartu du seigarren koadrotik boleaz jota. Konturatzerako 5-1 aurretik ziren Aspekoak, eta aurkariek azkar ikusi dute zer zetorkien gainera.

Baina ez dituzte ezustean harrapatu. Segituan nabaritu da Jakak eta Iztuetak etxeko lanak ongi eginda joan direla frontoira: pilotakada ia guztiak ezker-horman gurutzatzen saiatu dira, Ezkurdiaren boleak zailtzeko, eta ahal zenean hanketara jokatzen. Lehen berdinketa ere azkar iritsi da: 5-5.

Hortik aurrera partida kolpe trukaketa etengabea izan da, eta tanto ikusgarrien jarioa ere bai. Aipa litezke 6-6koa, 48 pilotakada izan dituena eta Martxel Iztuetak aurrean horma-bikoz amaitu duena; edota 7-6koa, Altunak Jakaren dejada harrapatu eta honek ere horma-bikoz egindakoa.

Joan-etorri bizi horretan, markagailuan ere izan dira gora-beherak. Urdinek, adibidez, hiru tantoko aldea hartu dute 7-10 eta 8-11koan, baina gorriek lau tanto segidan eginez lehen atsedenaldi luzera 12-11 aurretik iristea lortu dute.

Alde horretatik, agian takada aipagarriena atsedenalditik itzuleran Jakak eta Iztuetak lortu dutena izan da. Baikokoek bost tanto jarraian egin dituzte, 12-16 aurreratuz. Finala jada asko gogortzen ari zen eta lau tantoko aldea bazen zerbait une horretan.

Hala ere, ez du amore eman aurrelariz osatutako bikoteak. Lana serio eginez, eta aurkarien huts pare bat baliatuz, bi tantora jartzea lortu dute 14-16an eta 15-17an. Begirada gehienak Martxel Iztuetaren gainean zeuden, gazteak gogortasun eta presioari nola eutsiko ote zion galdezka, eta a zer erantzuna eman duen tolosarrak!

Azken txanpan behera ez, egitekotan gora egin du Iztuetak, eta bikain eutsi dio gorrien presio horri. Erik Jakak ere asko asmatu du aurreko zuloan eta azkenean lau tantoko aldearekin nagusitu dira: 18-22.

Txalo zaparrada ikaragarriarekin agurtu dituzte pìlotariak Logroñoko pilotazaleek, eta udako denboraldiaren itxiera bikaina izan da zentzu guztietan.