
Fantasia eta magiarantz jo du Antxiñe Mendizabalek ‘Katona’ bere bigarren eleberriarekin, Consonni argitaletxeko Maria Mur editoreak nabarmendu duenez. Aurrekoan, ‘Odolekoak’ (Elkar), kostunbrismoa zela ezaugarri nagusia gogoratu du. «Hau guztiz kontrakoa da, intimitate sakonera egiten du jauzia. Fantasia egia kontatzeko eta arima biluzteko tresna bezala erabiltzen du. Hausnarketa sakona eginez, egia kontatzeko aukera izateko», gaineratu du editoreak.
«‘Katona’ bahitu zuten neskatila baten istorioa da. Umea jaio orduko, Txerren deabrua hartaz jabestu zen, eta idazle-arimaz hornitu zuen; hurrena izena kendu zion, ordea, eta harekin batera izana. Txerrenek ez zion utzi beste inor maitatu ahal izaten, ezta maitasunez idazten ere», laburbildu dute argumentoa.
Kontakizunaren ardatzan sorginen akelarreak eta deabruarekin paktua daudela azpimarratu du Murrek. Lanaren izaera oso garaikidea dela gaineratu du, Mendizabalek literatura unibertsaleko formatoak euskal literaturara pasatu dituela nabarmenduz.
Ekofeminismoa eta gotiko garaikidearen ildotik abiatzen dela ‘Katona’ azaldu du, kontzeptu kritikoekin eta esterotipoengandik alde eginez.
«Orriotan muga oro desegiten da: munstroa ez da kanpoko etsaia, barne ispilua baizik –inor noizbat izana, norberak izan nahi ez duena izan litekeena. Prosa dotore, ahozkotasunaren musikaltasun eta irudimen brida gabearen bidetik, eleberri liluragarri eta ahaltsu honek gotikoaren berrikuspena eskaintzen digu, euskal lteraturak inoiz gutxitan ez bezala, irakurketa gogoangarri eta ezinbesteko baten lerroetan barrena», azaltzen da liburua definitzeko argitaletxeak prestatu duen oharrean.
«Bidai espirituala»
«Eleberri hau bidaia espirituala da, amets eta sorginkeria artean idatzia. Maitasunari buruz hitz egiten digu, eta maitasunaren kontakizunaz. Hartaz idazteko zailtasunaz dihardu, eta ahots propio baten bilaketaz, begirada patriarkaletik urrun, inolaz ere. Eremu lausoa esploratzen du, egunerokoaren eta fantasiazkoaren artean, kantu, olerki eta ipuinez osaturik, emakume desobeditzaileen hizkera baliatuta. Eta kristautasunaren eta euskal mitologiaren oihartzuna kordatzen ditu, mitikoa dena idealizatu gabe», gaineratzen du oharrak.
Mendizabalek azaldu duenez, «eleberrian gertatzen den ipuina» da lan hau. «Pentsamenduari eta logikari tarte gutxi eman diot. Bihotzetik eskura idatzitako liburua da», gaineratu du, pentsamendua eta emozioak agertzen direla azpimarratuz.
Eleberriak lau atal ditu: protagonistaren haurtzaro eta nerabe urteak, gaztaroak, zahartzaroaren ataria eta haurra izateko ametsa. «Ipuina ongi bukatzen da», esan du spoiler egiteko asmorik gabe. Ipuina izanik, «bazen behin batean» esamolderarekin hasi eta «hala bazan»-ekin amaitzen da.
Izenburuak hiru esanahi
‘Katona’ izenburuak hiru esanahi biltzen ditu hitz bakarrean, Mendizabalek azaldu duenez. Lehena, haurrek jolasetan erabiltzen duten zozketa-kanta: «Dona-dona katona, sutondoan aitona...». Bigarrena, XX. mendeko eskoletan ikasteko erabiltzen zen liburua, Saturnino Callejak idatzitakoa eta «jakin beharreko oinarrizko jakinduria» biltzen zuena. Eta hirugarrena, hilotzak lurpera eramateko egurrezko zerraldoaren ordez erabiltzen zen lihozko ehuna. Resurreccion Maria de Azkuek ‘Euskalerriaren Yakintza’ lanean jasotzen duenez, Ezkion erabiltzen zen katona.
Gauzak horrela, esanahia bakoitzak protagonistaren ibilbidearen faseekin egiten du bat. Haurtzaroa, idazketa eta heriotza. «Oso presentea dago heriotza liburuan», oharatarazi du Mendizabalek.
«Maitasuna eta desbodedientzia ariketa» izan dela gaineratu du idazleak, «testuan berezko unibertso bat sortu nahi izan duela» gaineratuz.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

