NAIZ

Etxegarai-Gaminderen fedeak Hiru Hiriburuak-eko txapelaren saria izan du Atano III.a mitikoan

Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal, iazko garaileak, lan erditan 12-6 aurreratu ziren, baina oñatiarrak eta laukiztarrak ez zuten euren buruarengan federik galdu eta, hortzak estututa, partida irauli ahal izan zuten finalaren bigarren txanpa ikusgarria osatuz.

Etxegarai eta Gaminde, txapelekin, azpian Zabaleta eta Mendizabal dituztela.
Etxegarai eta Gaminde, txapelekin, azpian Zabaleta eta Mendizabal dituztela. (EMAKUME MASTER CUP)

Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde dira Hiru Hiriburuak torneoko txapeldun berriak, igandean pilotaren historian leku berezi bat duen Atano III.a pilotalekuan garaipen epiko bat (22-17) lortu ostean. Finalari neurria hartu eta euren onena eman ezinik, txapelak oso zail jarri zitzaizkien Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal, iazko garaileak, lan erditan 12-6 aurreratu zirenean, baina oñatiarrak eta laukiztarrak ez zuten euren buruarengan federik galdu eta, hortzak estututa, partida irauli ahal izan zuten finalaren bigarren txanpa ikusgarria osatuz.

Bukaera zail batean bere mamuak uxatuta, 17-16 zirela saketik falta bat egin du baina hurrengo bietan zuzenean lortu zuen tantoa lehen pilotakadarekin, aurrelari oñatiarrak torneo honetako bere lehen txapela eskuratu ahal izan zuen eta egungo atzelaririk onenaren palmares mardulean ere ez da faltako EAE-ko hiru hiriak elkartzen dituen lehiaketa honetako txapela.

Esan bezala, tontorrerainoko bidea ez zen batere erraza izan Etxegarai eta Gaminderentzat, oso deseroso ekin baitzioten finalari. Kosta egin zitzaien, biei, finalari neurria hartzea eta eurena oso ondo eginda, defentsan oso sendo arituta eta aurrean Zabaletak tantoak ondo amaituta, goizuetarrak eta andoaindarrak alde polita hartu zuten partidaren erdialdera.

Etxegaraik eta Gamindek argi zuten atzean egin behar zutela min partida aurrera atera ahal izateko, baina hasierako txanpa horretan ez zuten asmatu eta zenbait unetan pazientzia galtzera ere heldu ziren, aurkariei tantoa nondik egin ezin asmatuta.

Iraultzea, gustuko pilota batekin

12-6ko markagailuarekin eta kantxan ikusten ari zenarekin, ezinezkoa edo oso zaila zirudien partidak buelta izatea. Etxegarai eta Gaminde izan ziren, ziurrenik, aukera horretan sinistu zuten bakarrak eta erakutsitako fede eta sufrimendurako gaitasunak garaipenaren zapore gozoa izan zuten azkenean.

Une kritiko horretan eskatutako atsedenaldiak mesede ikaragarria egin zien eta indarberriturik itzuli ziren kantxara txantxikuarra eta laukiztarra. Saskian gustuko pilota bat topatuta, atzelari bizkaitarra, ordura arte ez bezala, atzean zuloak irekitzen hasi zen eta aurrelari oñatiarrak ere gehiago asmatu zuen tantoa amaitzen.

Atzera jota bakarrik partidarik irabaziko ez zutela ulertu zutenean lortu zuten txapeldunek euren jokorik eraginkorrena topatzea eta, kostata izan bazen ere, Gamindek dejadaz lortutako tanto zoragarri bati esker lortu zuten urdinek lehen aldiz markagailuan aurre hartzea (15-16).

Baina finalaren azken txanpak ere izan zuen zailtasunik oñatiarrarentzat eta laukiztarrarentzat; izan ere, 17-16 aurretik zirela, Maddalen Etxegaraik motzegi ateratako sake batekin falta bat egin baitzuen markagailuan zuloa irekitzeko moduan zirenean.

Hala ere, aurretik egin bezala, amore eman beharrean, amorrua bideratu eta indartsuago aritzeko kuraia atera zuen aurrelari gipuzkoarrak. Behera egin beharrean, jarraian egindako hurrengo bi sakeak izan ziren partidan egindako onenak, bi tanto eskuratu zituen lehen pilotakadarekin eta berriz ere partida itzultzeko gaitasunik gabe, iaz lortutako txapelak Etxegarai eta Gaminderen buruetan utzi behar izan zituzten Zabaletak eta Mendizabalek.