
Ordiziak eta Agurainek bezala, Gernikak ere Euskal Herriko azokarik zaharrenetako bat mantentzen du. Bere jatorria -dokumentatua behintzat- XIV. mendekoa da, zehazki 1366. urtekoa, Lumoko elizatetik banandu zen urtekoa hain zuzen. Zazpi mendeetan, beraz, ezinbesteko hitzordu bilakatu da, ez bakarrik Gernika eta Busturialdeko herritarrentzat, baita Euskal Herri osoko jende askorentzat ere.
Gernika-Lumoko turismo bulegoak postu bat jarriko du azokan bisitariei egun honetarako aholkuak emateko eta herriak dituen erakargarriak erakusteko, ez baitira gutxi.
Urriko Azken Astelehen honetan, hala ere, turista gutxi etortzen dela dio Amaia Garcia Uriondo turismo bulegoko arduradunak. «Azokan jartzen dugun postutik mila lagun inguru pasatzen dira, ia denak eskualdekoak edo bizkaitarrak (gehienak Urdaibai, Lea Artibai, Bilbo eta Uribekoak). Turista bakanen bat etortzen da, baina oso gutxi, normalean estatukoak eta frantsesen bat».
Azoka egunean zerikusi ugari dagoenez, ez dira herria ezagutzeko jarduerak antolatzen, baina informazioa banatzen dute, beste egun batean itzuli nahi duenarentzat. Horrela, turismo bulegoak bi proposamen egiten ditu nagusiki, “Gernika-Lumo, Euskal Herriaren historia bizia”, eta “Astelehen gernikarra, merkatu tradizionala eta askoz gehiago”.
Gernika-Lumo eta Euskal Herriko historia ezagutzeko proposamenaren barruan, goiza hasteko Gernikako Bakearen Museoa bisitatzeko proposamena egiten du turismo bulegoak, 1936ko gerrari eta hiriko bonbardaketari buruzko museoa hain zuzen. Museoan azaltzen dena are gehiago sakontzeko, Babesleku Antiaereoak bisitatzeko gonbita egiten du, «esperientzia ezin hobeto osatzen baitute». Astrako Babesleku antiaereoaren barrualdea bisitatzeko ezinbestekoa da erreserba egitea.
Goiza amaitzeko, Europako Herrien Parketik paseatzea proposatzen du, «non bidexka batek Eduardo Chillida eta Henry Mooreren eskulturetara eramango gaituen». Eta noski, terrazaren batean indarrak berreskuratzeko geldialdia nahitaezkoa da. «Kapritxo bat hartu pintxo gozo bat dastatuz, beti Gernika-Lumoko edo eskualdeko txakolin batekin».
Arratsalderako, Gernikako Batzar Etxea eta Arbola bisitatzeko gonbita egin du, «gure sustraien historia ezagutzeko eta beirate bikainaz eta osoko bilkuren aretoaz gozatzeko». Barrura sartzeko erreserba egin behar da.
Horrekin batera, Euskal Herria Museoa bisitatzeko gonbita ere egiten du turismo bulegoak, «Alegria Jauregiko hormen artean dagoen altxor etnografiko txikia».
«ASTELEHEN GERNIKARRA»
Bigarren proposamena «astelehen gernikarra» da, astelehenero egiten den merkatu tradizionala ezagutzeko, baina ez hori bakarrik.
Merkatua goizeko 9etatik 13.30era egiten da eta kalitateko eta Km0-ko produktu tipikoak eros daitezke, hala nola Idiazabal gazta, baserriko ogia, eztia, euskal pastela eta Gernikako piperrak, sasoiko beste barazki batzuen artean.
Gernikako Batzar Etxea eta Arbola bisitatzeako gonbita ere jasotzen da proposamen honetan, baita Europako Herrien Parkea ere. Picassoren “Guernica” horma irudia ere ikusi daiteke, tamaina naturaleko zeramikaz egina eta aire zabalean kokatua.
Arratsaldean, tradizioak agintzen duen bezala, «astelehen gernikar» batean Jai Alai pilotaleku ospetsua bisitatzea derrigorrezkoa da.
Bi proposamen hauez gain, eguneko edozein unetan norberak bere kabuz bisita gidatua egin dezakeela gogorarazi du turismo bulegoak, «Gernikako web orrian edo YouTubeko gure kanalean aurkituko duzun audiogida erabiliz. Zuk nahi duzun bezala antola dezakezu bisita».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
