Aktualitateko erredaktorea

Historiarekin hitzordua dute Euskal Selekzioak eta Palestinako selekzioak

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren partidaren atarian, hitza hartu zuten protagonistek. Oso eskertuta azaldu ziren palestinarrak, izan ere, amets bat beteko duela esan zuen Yasserrek. Aihen Muñozek aitortu zuen aukera ona dela «Palestinari babesa erakusteko» eta «ofizialtasuna aldarrikatzeko».

Aihen Muñoz, Mikel Labaka, Ehab Abu Jazar eta Yasser Hamed, ezkerretik eskuinera.
Aihen Muñoz, Mikel Labaka, Ehab Abu Jazar eta Yasser Hamed, ezkerretik eskuinera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Partida zinez berezia izango dela adierazi zuen atzo Iker Goñi Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak. Horren seinale zen San Mamesko prentsa aretoan bildu zen hedabide andana. Ez da gutxiagorako, Palestinako gizonezkoen selekzioak Europan jokatzen duen lehen partida baita; San Mames elkartasunez blaituko dela ziurtatu zuen Goñik.

Ildo horretan, sentsazio bera adierazi zuten Mikel Labaka Euskal Selekzioko bigarren entrenatzaileak eta Aihen Muñoz Euskal Selekzioko jokalari nafarrak. «Hainbat aste daramatzat oso ilusio handiarekin partida hau jokatzeko, batez ere Palestinari babesa emateko eta beste behin ere Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko», aitortu zuen Realeko jokalariak.

Hasierako argazki saioan, elkarri eskua luzatuz, bi herrien arteko anaitasuna islatu zuten San Mamesko berdegunean Mikel Labakak, Aihen Muñozek, Ehab Abu Jazar Palestinako hautatzaileak eta Yasser Hamed Palestinako jokalariak.

Elkartasunez blai

Iker Goñik hartu zuen hitza lehendabizi eta Euskal Selekzioaren «110 urteko historiako partidarik bereziena» izendatu zuen gaurko lagunartekoa.

«Oso hunkigarria da ikustea 50.000 herritarrek bat egin dutela elkartasun partida honekin. San Mamesen ikusiko dugun giroa oso-oso berezia izango da», aitortu zuen Goñik. Federazioko presidenteak azaldu zuenez, 1936. urtean Agirre lehendakariak Euskal Selekzioa berreraiki zuen erbestean. Tartean, SESBen aurka jokatu zuten eta etekinak euskal herritarrentzat bideratu zituzten.

Oraingo honetan, Euskal Federazioari dagokio laguntza ekonomikoa eskaintzea, kasu honetan, Palestinako herriari. Are, Goñik jakinarazi duenez, diru sarrerak Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundearentzat izango dira.

Futbolaz harago

Prentsaurrekoaren bigarren zatian, Mikel Labakak argi erakutsi zuen lagunartekoaren helburua zein den: «Palestinarrak genozidio bat bizitzen ari diren honetan, eta Gazako egoera zein den ikusita, bada nahikoa arrazoi partida antolatzeko eta Euskal Herritik gure elkartasuna adierazteko».

Ildo beretik, entrenatzaile azpeitiarrak aitortu zuen «aukera oso ona dela, munduko prentsa osoa Bilbora begira egongo dela baliatuz, aldarrikatzeko badela herri bat oraindik kirolen mapan lekurik ez duena».

Bere aldetik, Yasser Hamedek amets bat beteko duela onartu zuen: «San Mamesen jokatuko dut Palestinako koloreekin, Euskal Selekzioaren aurka eta familia osoa izango dut harmailan, egun berezia eta ahaztezina biziko dut. Urduri nago, ez dakit zelaian zer sentituko dudan, baina bizitzako unerik hunkigarrienetariko bat izango da, ziur».

Egitarau zabala

Partidari begira, Euskadiko Futbol Federazioak egitarau zabala antolatu du zelaian 20.00etatik aurrera.

Iragarri dutenez, Mikel Laboaren ‘Lekeitioak’ kantarekin hasiko da ikuskizuna. Ostean, Izarok, Eñaut Elorrietak eta Sol Band Gazak joko dute.

Partida hasi orduko, mosaiko handi batek hartuko du harmaila, zelai erdian Picassoren ‘Gernika’ irudikatuko da. Ondoren, minutuko isilunea gordeko da Palestinako hildakoen omenez, eta jokalariak bakearen aldeko pankartarekin zelairatuko dira.