INFO

«Ez gara aita estatuari eskubide eske biziko, gaitasuna garatu nahi dugu eskubideak sortzeko»

Gure Eskuk konferentzia subiranista egin du, ‘Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, zertarako?’ leloarekin. Herri osoko eragile sozial eta erreferente akademikoak bildu dira Irunen, eztabaida politikoa herritarrengana hurbiltzeaz gain, burujabetzak eskaintzen dituen aukerez hausnartzeko.

Gure Eskuren konferentzietako bat. Ezker-eskuin, Xabi Anza, Jule Goikoetxea, Idurre Eskisabel, Jaume Lopez eta Naroa Iturri, Irungo Ficoban. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gaur zortzi, ekainaren 7an Bilbon eginen duen mobilizazio nazionalaren bezperetan (17.30ean La Casillan, ‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ leloarekin) burujabetzaren aukerak aztertu ditu Gure Eskuk Irungo konferentzian. Testuinguru berezian antolatu du, gainera, ekitaldia, Euskal Herri osoan ahalmen politiko gehiago eskuratzeko prozesu eta eztabaidak zabalik daudelako.

Larunbat honetan Ficoban egindako hiru solasaldien helburua horixe izan da: «Eztabaida politikoa herritarrei hurbiltzea eta askotariko eragile soziopolitikoak gure herriak behar duen estatus politikoaren inguruan elkarrizketan jartzea».

Galdera orokor bati erantzun diote: ‘Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, zertarako?’. Eta horren aterkipean, hainbat gai. Baita jendeari mobilizatzeko ilusioa pizteko gako batzuk ere.

Hirugarren konferentziaren kronika jaso dugu hemen. Bertan, eskubideak hainbat ikuspegitatik zabaltzeko aukera gisa jorratu dute burujabetza Xabi Anza ELAko prestakuntza arduradunak, Jule Goikoetxea filosofo, irakasle eta aktibista feministak, Idurre Eskisabel kazetari, antropologo eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Jaume Lopez Kataluniako Generalitateko Berrikuntza Demokratikoko zuzendari nagusi ohiak, Naroa Iturri kazetariaren gidaritzapean.

Goikoetxeak tinko eta argi adierazi du: «Eskubideak teknologia bat dira populazioa gobernatzeko». Defendatu duenez, gaitasunez hitz egin behar da, eskubideak estatuek ematen dituztelako eta guk ez daukagulako estaturik. Horretaz gain, estatuak eraldatzen ari dira. «Ez gara aita estatuari eskubide eske biziko; gaitasuna garatu nahi dugu eskubideak sortzeko».

Populazioa nola mobilizatzen den hausnartu behar dela ere azpimarratu du, edo «erabakitzeko eskubidearen formulan zergatik ez den mobilizatzen, ze beste gai batzuek mobilizatzen dute».

Ezagutzaren unibertsalizazioa

Euskaraz ez, euskal hiztunez eta hiztun komunitateaz aritu da Eskisabel. Azaldu du hizkuntza zapalkuntza eta minorizazioa egiturazko zapalkuntza bat dela jabetu behar dugula eta hizkuntza politikak egiteko zoru egokiena duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere minorientzako hizkuntza politika egiten dela.

«Paradigma aldaketa behar da eta horretarako giltzetako bat ezagutzaren unibertsalizazioa da. Horrek herritartasunetik euskara jakiteko behartasun horretan jarriko gintuzke», proposatu du.

Herri hau etengabe mobilizatzen dela baloratu du Anzak. «Hegoaldean ez dago instituzio integratzailerik, ordea. Eta 1978ko erregimenaren pozoin handia dugu oraindik. Mesfidantza eta kriminalizazioa dago gizarte zibilarenganako», adierazi du. Iparraldean, aldiz,  integratzaileago eta irisgarriago ikusten ditu erakundeak. «Horregatik dira posible armagabetzea bezalako lorpenak».

Depositario edo hartzaile izatea

Lopezek aipatu du mugimendu sozialek ez dutela zertan politikarien egutegi zurrunik bete. Aldarrikatu duenez, denbora desberdinak dituzte eta hori baliatu behar dute, adibidez, Katalunian kaxoian gelditu den Argitasun Akordioa ateratzeko. «Beraiei dagokie berriro mahai gainean jartzea».

Mobilizazioei buruz, zehaztu du ez direla soilik kuantitatiboak, kualitatiboak ere badirela. «Ez da beharrezkoa denbora osoan kaleak jendez betetzea. Erakargarri suertatu behar dugu. Badira emozio erreaktiboak, mobilizatzera eramaten gaituztenak, eta badago itxaropenaren elementua ere. Eta hori mugimenduaren beraren araberakoa da», defendatu du.

Mugimendu sozialak nazio bat garen ideiaren «depositario edo hartzaile» bezala duen papera ere nabarmendu du.

Kontseiluko idazkari nagusiari aunitz gustatu zaio gogoeta hori eta «subjektu euskaltzale politizatu hori berriro irudikatzea ezinbestekoa» dela aldarrikatu du. «Une batean euskaltzaletasuna depositario edo hartzaile inportante bat izan zen, beste lidergo batzuk martxan jartzeko oinarria. Orain, hiztun komunitate bizi gisa aurrera egiteko, lidergo hartzaile horren jabe egitea dagokigu berriz», agertu du.

Herri libre bat, jende normalez betea?

Jule Goikoetxea fronte zabalaz mintzatu da eta erran du horren erdigunean dauden gorputzak erabakitzeko eskubide gehien dutenak direla. «Feminismoa desagertu egiten da fronte zabal horretatik eta berdintasuna sartzen da», jarri du adibide bezala. Fronte zabala kualitatiboa da berarentzat, eta zentzu berri bat eman behar zaio ilusioa piztuko badu.

«Mugimendu feminista sistema politikoak sortzeko proiektuak proposatzen ari da. Goazen arreta jartzera. Burujabetza materiala nahi badugu, goazen mobilizatzen ari den jende horrengana. Horiekin egin behar da fronte zabala», egin du dei.

«Herri libre bat nahi dugu, baina jende normalez betea? Edo subjektu ezberdinekin? Guk beste gizarte bat sortu nahi dugu; hori da burujabetza materiala», baieztatu du.

Feminismotik ikasiz

Idurre Eskisabelek aitortu du euskalgintzak aunitz duela ikasteko feminismotik. «Ahaztu zaigu gure auzia politikoa dela sakonean. Feminismoak milaka pertsona jarri ditu esaten: ‘Hau gertatu zait eta jasangaitza da’. Izendatu, eta politikoki kokatu du», baloratu du.

ELAko kideak antipolitikari aurre egiteko premia aipatu du. Izan ere, eskuineko oldarraldi bat dago politikarien beharra ukatzen duena. «Guk alderdi politikoak behar ditugu. Kritikoak gara haiekin, baina kritikatzea ez da antipolitika, hori da politikaren eremua», argitu du. Baieztapen probokatzaile bat ere egin du: «Ez ditugu gazteak mobilizatuko ez badugu erradikalizazio prozesurik ematen».

Irauten duena

Generalitateko kide ohiak erran du erabakitzeko eskubidearen funtsa edo printzipioak iraunkorrak direla eta denboran desberdin adieraz daitezkeela. Eskubidea (baldintzarik gabeko aitortza, demokraziaren mende ez dagoena, «nazioa garen ala ez ez baita bozkatzen, independente izan nahi dugun ala ez baizik»), subiranotasuna (ahalduntzea, autogestionatzeko gai izan gaitezen) eta demokrazia (honetan sakontzea) dira berarentzat mantentzen diren hiru elementuak. Eta hirurak daude Gure Eskuren markoan, baieztatu duenez.

Filosofo eta irakasle feministak azaldu du feminismoaren joera dela barne etsaia ikustea. Analisi bat egitera deitu ditu erakundeak: «Zer gauzak murrizten digute burujabetza gure egunerokoan? Osasuna eta garraiobideak pribatizatzeak, esate baterako, asko». Bere ustez, premiazkoa da analisi hori egitea mobilizatzeko gaitasunean eragiten duelako. Adibidez, duela urte eta erdi greba feminista orokorra egin zen. «Nola nahi duzue alai mobilizatzea zapaltzen gaituztenekin? Honetaz hitz egin behar da».

Lopezek adierazi bezala, esperantza norbere gauza den arren, badago baikortasun militantea, ziklo politikoak bizi zikloak baino luzeagoak direla onartzen duena eta historia mailan lan egiten duena. Eta Katalunian zein Euskal Herrian bada herritar talde latente bat aldarrikapen batzuen alde dagoena. «Bagara, eta egoeren arabera aterako gara».