NAIZ+

Kirioak sarean, Berri Txarrak taldearen kontzerturako sarrerak erosi nahi eta ezinean

Zerbitzariak gainezka eginda, egun osoan zehar arazo teknikoak nagusi izan ziren Berri Txarrak taldearen azken kontzerturako sarrerak erosteko orduan. Sare sozialetan, ostera, kirioak dantzan.

Berri Txarrak
Berri Txarrak

Herritarrak erotuta ibili ziren atzo ordenagailu aurrean Berri Txarrak taldearen azken kontzerturako sarrerak erosi nahian. Atzo eguerdian ipini behar zituzten salgai, haatik, 12.00ak baino lehen, zerbitzaria gainezka eginda zegoen.

Hamabiak pasatxotan eman zuen arazoaren berri talde nafarrak. Arazo teknikoak zirela medio, zerbitzaria erori eta pazientzia galdegiten zuen, konpontzeko lanetan zirela nabarmentzearekin batera.

Jendetza zebilen interneten Nafarroa Arena pabiloian azaroren 23rako aurreikusitako kontzerturako sarrerak erosi nahian. Eta hala aritu ziren egun osoan zehar. Arratsaldean Berri Txarrak taldeak berriz atera  behar izan zuen Twitterren azalpenak ematera.

Bien bitartean, ordenagailu edo mugikor aitzinean zeuden Berri Txarrak taldearen zaleen kirioak dantzan ziren.

Orduak aurrera joan ahala, haserrea ere nagusi zen sarrerak erosi nahi eta ezin zenbiltzanen artean.

Lortu ostean, inbidia eman nahian sare sozialetan agertu zirenak ere badaude.

 

Azken orduan sarreren salmenta etetea erabaki zuen Berri Txarrak taldeak.

Abenduaren 12an iragarri zuen Berri Txarrak taldeak «ziklo ahaztezin bat itxi» eta 2019an geldialdi mugagabea egingo zuela, 'Ikusi Arte Tour' izeneko bira luze bat egin ondoren.