NAIZ+

Gradu amaierako lana gazteleraz aurkezteko «gomendioa», EHUn

Ohorezko matrikularako hautagai den EHUko medikuntzako ikasle batek gradu amaierako lana gazteleraz aurkezteko «presioak» jaso dituela salatu du. Sare sozialen bidez eman du ezagutzera egoera eta haren lana euskara hutsez defendatuko duela iragarri du.

Medikuntzako ikasleek euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko aldarria zabaldu zuten iazko graduazio ekitaldian.
Medikuntzako ikasleek euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko aldarria zabaldu zuten iazko graduazio ekitaldian.

EHUko medikuntzako ikasle baten gradu amaierako lana ohorezko matrikularako hautagai gisa hautatu dute. Datorren maiatzaren 31an berriz aurkeztu beharko du egindako lana, beste tribunal batean aitzinean. Hala jakinarazi diote unibertsitatetik, eta nahiz eta aurkezpena lana egin duen hizkuntzan,- euskaraz-, ezagutzera emateko aukera eman, aurkezpena egiteko erabiliko dituen diapositibak gazteleraz ala ingelesez egiteko galdegin diote; «begirune keinu bat izango zen», diote ikasleak jaso duen gaztelera hutsez idatzitako gutunean.

Ikasleak gogor salatu du EHUtik jasotako eskaera bere Facebookeko orrian, nahiz eta ondoren sare sozialetik ezabatu. Jasotako bi gutunak gaztelera hutsez izan direla deitoratu eta «medikuntza euskaraz ikasi daitekeen unibertsitate bakarrean, Euskal Herrian, gure ama hizkuntzak horrelako zapalkuntza jasan beharra lotsagarria eta negargarria» iruditzen zaiola gaineratu du.

«Ez gara zuen pozoidun ‘aholkuekin’ kikilduko», gehitu du eta haren lana euskara hutsez defendatuko duela iragarri du. «Hala idatzi, hala sentitu eta hala nahi dugulako», nabarmentzen du Facebooken oihartzuna eskuratu duen idatzian. 

Ikasle hau ez da egoera hau bizi duen ikasle bakarra. EHUko Medikuntzako beste ikasle batzuk NAIZekin harremanetan jarri dira haiek ere «gomendio» antzekoak jaso dituztela esan eta sare sozialetan zebilen salaketarekin bat egiteko.