NAIZ

Guardia Zibilaren salaketa bitxia Beran: «Todos ustedes fuera de aquí» euskaraz ote?

Urriaren 12aren bezperan, Guardia Zibileko elkarte batek «jazarpen» salaketa bitxia egin du. Uniformedunen seme-alabak doazen eskola baten ondoan «gorrotoa» adierazten duten margoak agertu direla ziurtatzen dute, harrigarriena honako hau: «Todos ustedes fuera de aquí». Hori euskaraz esaterik ba al da?

Guardia zibilak, Berako kaleetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Guardia zibilak, Berako kaleetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Haren salaketari sinesgarritasuna eman nahiean-edo, «jazarpena»ren leloak jakinarazi ditu Asociacion Española de Guardias Civiles delakoak... eta honekin bilakatu du sineskaitz bere lekukotasuna. Izan ere, eskola horren ondoan agertu diren «euskaraz idatzitako» mezu batzuk guztiontzat aski ezagunak dira («el 12 de octubre no hay nada que celebrar» o «fuera de aquí»), baina hurrengo honek zer pentsatu ematen du: «Todos ustedes fuera de aquí». Ba al da benetan hori euskaraz esaterik?

AEGCren hitzetan, mezu horiek «gorrota eta intransigentzia» adierazten dute. Eta jokaera horiekin «beraiena ez, guztiona baizik den lurraren jabe» bakarra izan nahi dute Urriaren 12aren aurkakoek. «Inpunitatez» aritzea leporatzen die, holako adierazpen kritikoek «inoiz ez dutelako ondoriorik izan».

Eskola horretara doazen guardia zibilen seme-alaben defentsan Estatuko Defensor del Menor delakoari zerbait egiteko eskatu dio AEGCk, egoera bera Euskal Herriko eta Kataluniako beste herri askotan gertatzen ari dela ziurtatuz.

Duela egun batzuk Berako Guardia Zibileko koartela denon gogora etorri zen berriz, 1994an Nafarroa Oinezen aurka egin zuen erasoaren 25. urteurrena bete baitzen.