Aizpea Anaya
Interview
Maite Txintxurreta
EHA-ko Mahai Nazionaleko kidea

«Despotismo ilustratuaren ereduari jarraituko diogu, gaur egunera moldatuz»

Euskal Herriko Abangoardia (EHA) umorezko eztabaida saioa sortu du gazte talde batek, «nazio askapenerako ernamuin izango den independentzia intelektuala» lortzeko helburuarekin. Adimenaren «purutasuna» abangoardiaren eskutik etorriko dela defendatzen du taldeak, eta konfiantza itsua eskatu die euskal herritarrei, bide hori EHA gidaritzapean egiteko. EHAko Mahai Nazionaleko Maite Txintxurreta iritzilariarekin izan da NAIZ.

Euskal Herriko Abangoardia saioaren irudia. Behean, ezkerrean, Maite Txintxurreta.
Euskal Herriko Abangoardia saioaren irudia. Behean, ezkerrean, Maite Txintxurreta.

Euskal Herriko Abangoardia euskal senaren gainbeherari erantzuteko sortu zela diozue. Zergatik ondorioztatu duzue hori?
Garbi dago euskalduntasuna krisi sakonean murgilduta dagoela azkenaldian, eta beheranzko joera hori gelditzeko unea iritsi dela uste dugu. Orain edo inoiz ez. Dela globalizazioa, dela «aro berria» deritzona, dela Goenkaleren amaiera... badirudi euskaldunok dagoeneko ez garela garai batean izan ginena, eta urteak dira noraezean eta sakabanatuta gabiltzala.

Zer egin asmo du EHAk euskal sena berreskuratzeko?
Gidari lanak egiteko jaio da Euskal Herriko Abangoardia, eta despotismo ilustratuaren ereduari jarraituko diogu, gaur egunera moldatuz. Euskaldun guztien artzain izango gara. Gupidarik gabe jardungo dugu euskaldunak belaunikarazten dituztenekin, eta bereziki artalde barruko ardi beltz traidoreekin. Ardi beltzarena zentzu metaforikoan diogu, noski, ez baita gure asmoa arrazista izatea.

Sare sozialetan zabaltzen duzue zuen mezua, eta proiektua ari da zabaltzen. Espero zenuten zuen «populua» horrela handitzea?
Gero eta jende gehiagok du gure berri eta badirudi gero eta jarraitzaile gehiago dugula. Poztekoa da hori, eta horrela segitzea espero dugu. Herriak gugan konfiantza izatea ezinbestekoa da gure proiektua aurrera eraman ahal izateko eta euskal sena salbatzeko.

Zeintzuk daude EHAren Mahai Nazionalean?
Euskal lurraldeko intelektualik prestigiotsuenak batu gara proiektu hau abiatzeko, guztiari buruz iritzia emateko eta gidalerroak sortzeko gaitasuna dugunak. Dena den, kasuan kasu gai zehatz bati buruz jarduteko beste aditu batzuengana ere joko dugu. Hala, gonbidatu bereziak eta elkarrizketa esklusiboak izango ditugu gure eztabaida saioan.

Zer ideologiatakoa da EHA? Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Gure erreferente nagusiak gu geu gara, noski. Hala ere, ez ditugu bazter utzi nahi bidea irekitzen lagundu duten guztiak. Hazia erein zutenentzat esker oneko hitzak baino ez ditugu, eta hala islatu dugu gure manifestuan ere, zeinetan Maria Luisa Galardi, Patxi Puñal eta Panpi Ladux aipatzen baitiren. Eta Andoni Brun, Eva Argiñano eta Iñigo Urkullu ere ezin ditugu ahaztu, batzuek gutxietsi egiten badituzte ere. Haien lanari jarraipena ematea eta iraultza gauzatzea da orain gure zeregina. Ideologiari dagokionez, ez dugu ezker-eskuma binomioan sinesten. Baina sinetsiko bagenu, ezker erradikalean kokatuko genuke geure burua. Aldiz, adimen purutasunaren aldeko apustua da gurea eta, esan bezala, larrialdi egoera gainditzeko premiazko neurri gisa sortu da gure taldea. Hori dela eta, euskal gizartearen hainbat alderditan blokeoa gainditu eta aurrera egiteko jarraibideak emango ditugu, harik eta egoera nolabait egonkortu arte. Hori lortutakoan aukera egongo litzateke, agian, eredu demokratiko horizontala ezartzeko. Bien bitartean, utzi dakienari egiten.

Oraingoz, hiru bideo luze eta labur batzuk dituzue sare sozialetan. Proiektua zabaltzeko asmorik duzue?
Saio nagusiaren hiru atal argitaratu ditugu oraingoz. Eta osagarri gisa, ‘Punpalasterrean izeneko sekzioan saio horiek emandako momenturik onenak batu ditugu. Gainera, bideo laburren bat edo beste ere egin dugu. Horren adibide da Errioxako mahastietara bidali genuen komandoak bertako ardoari sabotajea egiten ikasteko grabatu zuen tutoriala. Halakoak egiten jarraitzeko asmoa dugu. Hori bai, aipatu behar da youtubeko bideo formatuan ez ezik, podcast formatuan ere argitaratzen ditugula saio guztiak, ivoox eta spotify plataformetan.

Gai mamitsuak jorratu dituzue bideo bidezko eztabaidetan: Dragoi bola, euskal inperialismoa eta Euskal Herriko jaiak. «Adimen gorentasunaren» bidean, zeri eutsiko diozue datozen saioetan?
Orain arteko ildoari jarraiki, euskaldunontzat esanguratsuak diren gaiak landuko ditugu, eta horiei buruzko gakoak aipatuko ditugu. Umorearen gaia jorratuko dugu laster, uste baitugu BocaBeats Comedia eta enparauak ospea irabazten ari diren honetan benetan premiazkoa dela Abangoardiak esku hartzea, eta aurreratu dezakegu datorren saioa musikari buruz izango dela. Horrez gain, eztabaidetan sarri ahaztu ohi diren zenbait gairi heltzeko asmoa ere badugu, euskal fauna eta flora kasu. Biodibertsitate barik ez dago Euskal Herririk.