Haritz Larrañaga

Bezeroei eguzkitako krema hondartzara eramateko egitasmoa jarri dute abian Biarritzen

Euskal Herriko kostaldean ohikoa den alga gorria kosmetika produktuak egiteko erabiltzen duen Laboratoires Biarritz enpresak ‘Cream and go’ egitasmoa jarri du martxan. Bizikletaz egiten den banaketa sistema baten bidez, eskatzaileek eguzkitako krema izan dezakete ordu baten buruan Biarritz eta Angeluko edozein hondartzatan.

Arrantzaleak alga gorria jasotzen Donostiako portuan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Arrantzaleak alga gorria jasotzen Donostiako portuan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Udan oraindik arrokei itsatsita daude Euskal Herrian hain ohikoak diren alga gorriak, baina udazkenean, haitzetatik askatu eta hondartzetako itsasertzak gorriz margotzen dituzte. Alga horiek kosmetika produktuak egiteko erabiltzen dituen Laboratoires Biarritz enpresa 2015ean hasi zen eguzkiaz babesteko krema hondartzara eramaten. Orain, osasun krisiak bultzatuta, bezeroengana hurbiltzeko sistema egokitu du.

Azaleko minbiziaren kontrako egitasmo baten baitan egin zuten lehen banaketa Biarrizko Hondartza Handian duela bost urte. Udalarekin elkarlanean, 50eko indizea duen krema doan ezarri zuten Biarrizko hondartza nagusian edonorentzat eskuragarri. Eskuak garbitzeko erabiltzen diren ontzien antzeko gailuak ziren eta edonork doan erabil zitzakeen. Aurten ordea, covid-19aren transmisioa ekiditeko ezarri dituzten neurriak gailendu dira eta eguzkiaz babesteko krema beste modu batera banatzea erabaki dute.

Produktu ekologikoak ekoizten dituen enpresak 30 edo 50eko indizea duen krema bat eta eguzkitan egon ostean emateko krema hidratatzailea dituen ehunezko poltsatxoak banatuko ditu La Course banaketa enpresarekin elkarlanean.

Egitasmoari eman dioten izena duen webgunean sartu (creamandgo.com) eta eskaria egin dezake bezeroak. Webgunean ordua eta lekua zehaztu ostean, eskaria ordu baten buruan jasoko du. Banaketa bizikletaz egiten denez eta eguzkitako krema biologikoak itsasoa kutsatzen ez duenez egitasmoa erabat jasangarria eta ekologikoa dela nabarmentzen dute sustatzaileek.

Astelehenetik larunbatera, egunero goizeko 9.00etatik arratsaldeko 17.00etara martxan izango da banaketa sistema Biarrizko eta Angeluko hondartza guztietan, baina aurten ez da doan izango, 30 euroko kostua izango du ‘Cream and go’ egitasmoak proposatzen duen poltsatxoak.