Kristina Elkoro, Iñigo Gomez*
Elay SLko zuzendaritza eta langile batzordearen izenean

Euskara ere pandemiapean

Auzietan segurtasunez euskaraz aritzeko bitartekoak eskain daitezke, euskaraz aritzeko gai diren epaileen %9 horietan oinarrituta.

Urte asko dira gure enpresan euskara dela gure hizkuntza. Barnera begira dauden agiri guztiak eta gure artean dauden idatzi eta azalpen guztiak euskaraz dira. Horrela jardun izan dugu urteetan eta ustez horrekin euskara normala eta naturala zela gure erakundean; urte askotan enpresa kontseiluak, zuzendaritzak eta bertako langileek egin duten esfortzua eta lana eredugarriak izan dira eta euskararen inguruan egin den planteamendu kolektiboak euskara maila horretara eraman eta bertan eustea lortu dute. Ez erakunde barneko langileei begira bakarrik, baita erakundean interes gune diren inguruko gizarte, hornitzaile eta bezeroen aurrean ere. Argitu behar dugu gurean hasiera-hasieratik euskaraz aritzeak esan nahi duela euskaraz soilik aritzea.

Hau dela eta konturatu gara zenbait erakundetan, administrazioan edo judikaturan euskaraz bakarrik aritzeak atzerapenak dakartzala eta horrek auzi motaren arabera kalte eragiten digula, kasu batzuetan erakunde modura besteetan, aldiz, norbanako modura; egoera honek sortzen dizkigun beldurrak eragotzi egiten digu euskaraz aritzea.

Oso gertuko bi adibide aztertuko ditugu: egungo pandemiak eraginda aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) eskatu behar ditu erakundeak eta ez dago azaldu beharrik atzerapenik gabeko erantzunak behar dituela; prozesua hasteko lehenengo komunikaziotik hasita dena gazteleraz idatzi da, ondorengo urratsetan, agiria Lan Ikuskaritzara iristen denean, atzerapenik sor ez dezan euskarazko testuak. Erantsi behar da, euskaraz idatzita balego, zailtasun handiak dituztela bertan aritzen diren profesional gehienek, ez baitaude euskaraz trebatuta.

Gure erakundeak, atzerapen horiek ekar zitzaketen kalteak baloratu ondoren, gazteleraz hasi behar izan du ABEE-en prozesua. Ez da lehen aldia hori gertatzen dena. Lan egutegi aldaketa baten ondorioz, Lan Ikuskaritzan aurkeztu zen gaia eta bertara eraman zen dokumentazioa gazteleraz aurkeztu zen, itzulpenak batetik eta terminologiaren ezagutzarik ezak bestetik erantzuna atzeratuko zuketelako.

Jarrai dezakegu norbanakoen jubilazio prozesuekin egon diren atzerapenak izendatzen, baina ez luke beste datu esanguratsurik azalduko. Hori dela eta, egoerari irtenbide bat aurkitu beharrean gaude.

Martxoaren 2an "El Correo"-k argitaratutako artikulu batek zera zioen: «tribunales vascos llevan tres años sin celebrar ningun juicio entero en euskara». Egiari zor, egun, auzi bat epaitegira euskaraz eramateko militantzia dosi handia behar dugu eta normaltasunetik urruti kokatzen gaitu.

Halere, artikulu berean dio epaileen %9ak dutela gaitasuna euskaraz aritzeko. Beraz, badago nondik hasi zerbitzua ematen. Hizkuntzaren eraldaketa nola egin behar den ezagutzen dugunok badakigu egoera linguistikoa ez dela egun batetik bestera aldatuko. Beraz, alor horietako profesionalek eta bere inguruan dagoen inguru administratiboa urratsez urrats bere zereginetan euskaraz trebatzeko planak bideratuko direla zalantzarik ez dugu. Baina bitartean, auzietan segurtasunez euskaraz aritzeko bitartekoak eskain daitezke, euskaraz aritzeko gai diren epaileen %9 horietan oinarrituta. Covid-19aren pandemiapean modan jarri zaizkigun protokolo bereziak egokitu besterik ez genuke euskaraz bideratu nahi diren auziak hasieratik amaierara euskaraz burutzeko. Eta, batez ere, auziak euskaraz hasteko protokolo berria martxan jartzea, egun sortzen duen atzerapenik edo kalterik sor ez dezan.

*Sinatzaileak: Kristina Elkoro, zuzendaria, eta Iñigo Gomez, Jose Ramon Jimenez, Josue Lazkano, Arantzazu Eguiguren, Antonio Galiot eta Asier Etxaniz langile batzordearen izenean.

Search