Erabaki zail eta neurtua, katalan herriaren zentzuaren neurrikoa

Mundua Kataluniako Parlamentuari adi begira zegoela, Carles Puigdemont presidenteak independentziaren deklarazioaren osoko bilkuran hitz egin du, funtsean, bi mezu munduratuz: independentzia deklaratzen duela, berea eginez urriaren 1eko autodeterminazioaren erreferendumean Kataluniako herriak errepublika forma izango duen estatu independente bilakatzeko egin zion mandatua; eta, ondoren, deklarazio horren etena Parlamentuari eskatuz, hala, bitartekaritza saioei aukera eman eta elkarrizketarako epea ireki asmoz.

Itxuran kontraesankorra dirudi Kataluniako presidentearen jokaldiak eta segur aski bere herriaren itxaropen guztiak ez zituen aseko, zapore gazi-gozoa utz dezakeelako. Hainbeste borrokatutako eta merezitako Kataluniako errepublikaren egun handia espero zutenetako askok ez dute agian amestutako «E eguna» sentituko, eta, aldiz, infernuetako amildegiak eta mota guztietako katastrofismoak iragartzen zituztenek halako adierazpen formal bat zer normala izan daitekeen, eta politikarako horizonteak nola sakontzen dituen ikusi ahal izan dute.

Dena gaiztotu daiteke, ordea, datozen orduetan Espainiako Gobernuak har ditzakeen neurriekin. Basakeriaren eskutik, katalan herria urduritu eta larrimindu, orain arte erakutsi lasaitasuna eta kontrola galtzea, aurrerabidea etsi-etsian egitea baino beste erremediorik ez duela barneratzea du xede.

Galdera ikurrek hor jarraitzen dute, erantzun guztiak ez dira argitu. Erabakia ez da erraza izan eta balorazio politiko kontrajarriak egon arren, are, Kataluniako bloke independentistan zauriren bat edo beste, ongi neurtutakoa izan da. Kataluniako herriak hainbestetan eta hain nabarmen erakutsi duen inteligentzia kolektiboaren neurrikoa. Apustuaren gauzapena ez da erraza, baina, bihar egunerokoa berdina izan arren, egoera aldatu egin du. Etorkizuna ez da egundo iragana bezalakoa izango, Kataluniaren askatasun nazionala hurbildu egin duelako.

Search