Naiz.info
Bilbo

Trapagaran euskaltzaleen topaleku bihurtu da Ibilaldiaren festarekin

Milaka euskaltzale gerturatu dira Trapagaranera aurtengo Ibilaldian parte hartzeko. Itxaropena ikastola eraberritzeko erabiliko da etekin ekonomikoa eta 100.000 lagun inguru batu direla adierazi dute antolatzaileek.

Ibilaldia ospatzen ari dira Trapagaranen. (ARGAZKI PRESS)
Ibilaldia ospatzen ari dira Trapagaranen. (ARGAZKI PRESS)

Urte luze bateko lanaren emaitzak ikusteko eguna dute gaur Trapagaranen. Izan ere, herri horretako Itxaropena Ikastolak antolatuta, Ibilaldia ospatzen ari diren.

Goizeko 9.30etan ireki dute ibilbidea eta arduradunek azaldu dutenez, «bultzada» bat eman nahi diote euskarari eta ikastolei Trapagaranen Ibilaldiaren jaialdiarekin.

Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa ere irekiera ekitaldian izan da eta EAEko hezkuntza eredua defenditu du Gobernu espainiarra burutzen ari den murrizketen aurrean.

EAJko lehendakari Iñigo Urkulluk, bestalde, euskararen inguruko «akordio handi bat» aldarrikatu du eta Meatzaldeko ikastolen lana goraipatu du.

Itxaropena ikastola

Ikastolaren izenari omenaldirik onena eginez, itxaropenez aritu dira urtebetez lanean, itxaropenez eta ilusioz, gaur Trapagaranera gerturatu diren milaka eta milaka euskaltzaleek jaiarekin gozatu dezaten.

DBHko ikasleak eta 0-3 zikloa hartzeko sortu berri dugun eraikin berria guztiz amaitzeko behar duten laguntza biltzea espero dute gaurkoan, eta bide horretan, egitarau oparoa prestatu dute: musika, umeentzako jolasak, kirol erakustaldiak…

Ikastolako lehendakari Jose Mari Andresek 100.000 lagun hurbiltzea espero dutela adierazi du.

Eguna goibel hasi den arren, aurrera egin ahala eguraldia ere hobetzen joan da eta zifra horietara heltdu direla adierazi dute antolakuntzatik.

Iaz Ondarroan ospatutako Ibilaldian baino autobus gehiago daudela zabaldu dute.

Aldi berean, gazte andana hurbildu da arratsaldeko kontzertuak ikustera. Ze esatek, Bizardunak, Vendetta eta Betagarriren emanaldiak oso jendetsuak izan dira.

«Ibipuntozero» da aurtengo leloa eta esparru teknologiko berrietan euskararen alde lan egin duen jende ezberdina omendu dute goizean burutu duten ekitaldi batean.

Datorren urtean Portugaleteko Asti Leku ikastolak antolatuko du Ibilaldia.