NAIZ.INFO
DONOSTIA

Kirol, kultur eta euskalgintza arloko hainbat pertsonek Anoetara joateko deia egin dute

Ekainaren 23an jokatuko den Euskal Herria-Eslovakia emakumezkoen partidaren harira, kirol, kultur eta euskalgintza arloko pertsonek Anoetara joateko deia egin dute.

 

Hainbat pertsonak ‘Hamaika gara’ ekimenarekin bat egiten dutela esateko eman duten prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)
Hainbat pertsonak ‘Hamaika gara’ ekimenarekin bat egiten dutela esateko eman duten prentsaurrekoa. (ARGAZKI PRESS)

Kirol, kultur eta euskalgintza arloko hainbat lagunek ‘Hamaika gara’ ekimenarekin bat egin dutela adierazteko agerraldia egin dute gaur. Bide batez, ekainaren 23an Anoetako estadioan jokatuko den Euskal Herria-Eslovakia emakumezkoen futbol partidara joateko deia egin dute.

Ainhoa Bakero futbol jokalariaren arabera, agerraldia «ekimenarekin bat egiten dugula erakusteko» egin dute, batetik, eta «herritarrak bertan parte hartzera deitzeko», bestetik. Bestalde, bertan bildu direnak ekimenaren filosofiarekin bat egiten dutela azaldu du: «parekidetasunaren alde gaude, Euskal Herriko selekzioaren alde eta euskaraz bizi nahi dugu».

Ekainaren 23ko hitzordua gogorarazteko ere baliatu dute agerraldia. Egun osoko egitaraua prestatu dutela azaldu dute eta antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.

Partidarako sarerrak barrabarra.eu webgunearen bitartez lortu daitezke.

Agerraldian Jon Maiak idatzitako testu bat irakurri du Esti Aizpuru Realeko jokalariak eta, besteak beste, Naroa Agirre atleta, Mikel Labaka futbolaria, Abel Barriola pilotaria, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak eta Anjel Alkain aktorea izan dira bertan.