Amets Txurruka

«Fucking!»

Barkaidazue zutabea horrela titulatzea baina horixe izan da nire buruan behin eta berriro errepikatu den hitza azken ordu hauetan.

Lehen aste bedeinkatua bukatzeko azken etapari irten orduko hartu nion itxura txarra. «KM 0» pankarta igaro orduko, lehenengo erorikoa, Van den Broek eta beste zenbait txirrindulari tartean. Euri txinpartaren bat edo beste erortzen hasi zen eta urduritasuna eta tentsioa nabariak ziren tropelean. Irten eta kilometro gutxira, biribilgune batean, 30-40 txirrindulari hankaz gora! Tropelak abiadura moteldu zuen, eta, gehienak elkartu ginenean, berriz ekin genion ibiliari, baina ez nintzen batere lasai korritzen ari. Abiadurari dagokionean lasai antzean bagindoazen ere, urduritasuna nabari zen tropelean uneoro: zentzu gabeko frenazoak, bat-bateko ibilbide aldaketak, zorua bustita... Eguneko mendate bakarra pasatzean ere -pentsa, aldapa gora-, beste 30 lagun inguru kateaturik! Ez da ez batere normala!

Behin karreraren azken kilometroetan sartuta, abiadura ikaragarria zen, eta egoera horietan batere ausarta ez naizenez, tropelaren aurrealdean dagoen tentsiotik ihesi elkarrenganako distantzia zabaltzen den atzoko postuetara pasa nintzen. Atzerago zabalago joaten gara, eta, edozer gertatuta ere, frenatzeko aukera egon ohi da. Ostiralean, ordea, 70 km/h-ko baino gehiagoko abiaduran joango ginen bat-batean freno hotsa entzun nuenean; gurpilak errementatzen entzuten nituen, bizikletak asfaltoan arrastatzen, karbono erre usaina, eta, bat-batean, txirrindulari eta bizikleta korapilo erraldoi batean kateaturik nengoen, sorbalda minberatuta eta kaosaren erdian nire bizikleta aurkitu ezinik.

Une horretatik aurrera, ez nengoen ez berba asko egiteko; ordezko bizikleta hartu eta taldetxo batean helmugarantz nindoala, jakitun nintzen lepauztaia berriz apurtuta nuela. Alboan Richie Porte eta Vinokourov nituen, eta Richiek begiratu eta... «fuck... fucking!» esan zidan. Nik eta Vinokourovek berbetako gogorik ez, baina, berak, berriz ere, «fucking Tour, fucking crashes!».

Autoarekin iristean Gerri zuzendariak ea zer nuen galdetu zidan eta nik lepauztaia erakutsi eta baiezkoa egin nion. Ez genuen beste hitzik egin, jakitun ginen biok. Iñaki iritsitakoan Mikel Astarloza eta Verdugo taldekideengatik galdetu nion; bata ospitalean zela eta bestea nire atzetik baina larri zetorrela esan zidanean... «fucking» berriz ere! Hau da Tourra! Hau da munduko lasterketa garrantzitsuena edo entzutetsuena... baina ez, horratio, politena!

«JUSTIZIA». Markelek atzorako titulu horrekin artikulotxo bat idatzita zuen, baina, erorikoaren ondoren, aldatu beharra izan zuen. Nik desio diodan bakarra, ea gaurko erlojupekoan bere maila eman eta pozen bat ematen digun... Beti esaten diodan bezala, «zorte ona bai, baina ea justizia egiten den eta izter horietako potentzia dena erakusteko gai haizen», hala bada garaipenetik gertu izango da eta!