NAIZ.INFO
IRUÑEA

Nano eta Arribas jokalariak aurkeztu ditu Osasunak

Datorren denboraldiari begirako bi fitxaje berri aurkeztu ditu Osasunak: Fernando Macebo Da Silva, «Nano», eta Alejandro Arribas. Nacho Zabal atezainak kontratua luzatu du.

Nano (ezkerrean) eta Arribas (eskuinean) jokalariak aurkeztu ditu Osasunak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Nano (ezkerrean) eta Arribas (eskuinean) jokalariak aurkeztu ditu Osasunak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Sadar estadioan egin du Osasunak gaur goizean Nano eta Arribas jokalari iritsi berrien aurkezpena. Zuzendaritza batzordeko idazkari Jose Luis Roldan eta kirol zuzendari Angel Martin Gonzalez ere izan dira bertan.

Numantziatik etorritako Nanok adierazi duenez, «17 urteko mutiko baten moduan» iristen da talde gorritxora, «lehen mailan jokatzeko ilusio eta gogo berberarekin».

Rayo Vallecanotik heldu den Arribasek, bere aldetik, esan du «lasaitasuna eta egonkortasuna» dituela helburu Osasuna bezalako «klub handi batean».

Beste alde batetik, talde gorritxoak bere webgunearen bitartez jakinarazi duenez, Nacho Zabal atezainak 2014ko ekainera arte luzatu du kontratua, beste bi denboralditarako luzatzeko aukerarekin.

2012-2013 denboraldian SD Huesca taldean arituko da Zabal, utzita.