NAIZ.INFO
DONOSTIA

Murrizketen aurkako mobilizazio gehiago egingo dira gaur

Gobernu espainolak onartutako murrizketen aurkako protestek segida izango dute gaur Hego Euskal Herrian. UGT eta CCOOk deituta manifestazioak egingo dira arratsaldean lau hiriburuetan eta Tuteran, eta eguerdian Lakuako egoitzaren aurrean.

Lakuako Bilboko egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute arlo publikoko langileek. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lakuako Bilboko egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute arlo publikoko langileek. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

CCOO eta UGTk Estatu espainolean deitu dituzten mobilizazioen baitan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Tuteran ere manifestazioak antolatu dituzte gaur arratsalderako. Bilbon, Donostian eta Gasteizen 19.00etan egingo dira, eta Iruñean eta Tuteran, berriz, 20.00etan. SATSE, SAE, UTESE eta CSIF sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.

Horretaz gain, ELAk deituta Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Bilbon, elkarretaratzea egin dute eguerdian arlo publikoko langileek.

Osasun alorrean, konzentrazioak egin dira Basurtu eta Txagorritxuko ospitaleen aurrean, goizean, eta Renfe eta Adif-eko langileek ere protestak antolatu dituzte, Irunen eta Bilbon.

Atzo, gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek deituta, elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten hogei bat hiritan murrizketen aurka.