NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskal Herriko I. Errugbi Kopa jokatuko dute abuztuaren 3an

Euskal Herria Kirola elkarteak antolaturik, Euskal Herriko I. Errugbi Kopa jokatuko dute abuztuaren 3an Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais taldeek Anoeta estadioan.

Ekimenaren berri emateko egin duten prentsaurrekoaren argazkia. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Ekimenaren berri emateko egin duten prentsaurrekoaren argazkia. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Datorren abuztuaren 3an Euskal Herriko I. Errugbi Kopa jokatuko dute Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais taldeek Donostiako Anoeta estadioan. Ekimena Euskal Herria Kirolak elkarteak antolatu du eta partida 20.00etan hasiko da.

Partidaz gain, egun osoko egitaraua osatu dute antolatzaileek eta, besteak beste, euskal errugbi taldeen azoka egongo da Anoeta inguruetan eguarditik aurrera. Musikak hartuko du txanda arratsaldean DJ Bull, Damba eta Xutiken emanaldiekin.

Jon Esturo elkarteko bozeramaileak nabarmendu duenez, antolatu duten eguna «errugbiaren festa» bihurtu nahi dute. «Aurtengorako Baiona-Biarritze partida antolatu dugu, euskal talde indartsuenak direlako», aipatu du Esturok, baina ekimenak jarraipena izatea espero dute.

Neurketaren hasieran Kote Olaizolari omenaldia egingo diote «bera izan zelako lan hauetan aitzindari».