NAIZ.INFO

Inoiz baino jende gehiago Donostiako Piraten ekimenetan

Balorazio oso baikorra egin dute Donostiako Piratek Aste Nagusiaz, inoiz baino jende gehiagok parte hartu duelako eta hamargarren urteurrenean hurrengotarako oinarri sendoa ezarri dutelako. Kofradiak sortzeko proposamena egin dute datozen urteetarako.

Abordaiaren hamargarren urteurrenean ekimenaren arrakasta itzela izan da. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS
Abordaiaren hamargarren urteurrenean ekimenaren arrakasta itzela izan da. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS

1.000tik gora bolondres aritu dira aurten Piraten ekimenetan antolakuntza lanetan eta ekimenetan ere inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela nabarmendu dute. Hamargarren urteurrena zuten eta Aste Nagusi berezia, beraz. Abordaia egunean, ospakizun modura edo «Fermin Muguruzaren kontzertuaren oparia» egin nahi izan zietela nabarmendu dute balorazioan eta «oso pozik» daudela egun osoak izandako erantzunarekin.

Trinitate plazako afari giroetuek ere arrakasta izan dutela adierazi dute Piratek eta musika eskaintza zabaltzearekin ere pozik agertu dira. Aurten hiru gune eta hiru musika aukera eskaini dituzte eta guztiek arrakasta izan dutela adierazi dute.

Hamargarren urteurrenarekin batera haziz jarraitzeko asmoa ere erakutsi dute Piratek Aste Nagusian zehar, baita gaur publiko egin duten balorazioaren ere, «mugimendua deszentralizatuz, partehartzaileagoa egin nahi dugu», esan dute. Kofradien sorreraz ari dira. ‘Eskifaia’ gazte kofradia sortu da aurten eta hurrengo hilabeteetan kofradia ezberdinak sortzen joatea espero dute.

Jendearen aldetik jasotako erantzuna goraipatu nahi izan dute balorazioan, «pozik gaude jendea ohartzen delako boluntario talde bat garela, Donostiako festak herrikoiak eta partehartzaileak izan daitezen lan egiten dugunak». Herritarren errekonozimendu horrek lanean jarraitzeko indarra ematen diela adierazi dute.