NAIZ.INFO

Nafarroako LTDrako baimen berriek euskara baztertzen dutela salatu du Kontseiluak

Astelehen honetan ezagutarazi du Nafarroako Gobernuak Lurreko Telebista Digitalerako baimen berriak esleitzeko prozesua. Kontseiluaren salaketa, ez duela euskara hutsezko litzentziarik gorde eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa «hutsaren hurrengoa» dela.

Euskararen Gizarte Kontseiluak «kezka handiz» hartu du Nafarroako Gobernuak Lurreko Telebista Digitaleko baimen berriak esleitzeko argitaratu berri duen deialdia. Kontseiluaren arabera «eusaraz bizitzeko nahia zapuztu nahi du». Salatu du ez duela gorde euskara hutsezko lizentziarik eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa «hutsaren hurrengoa» dela.

Paul Bilbao idazkari nagusiak esan du oinarriek ez diotela erantzuten «lau haizetara zabaltzen ari den euskaraz bizitzeko nahiari» eta lizentzien lehiaketa honen oinarriek euskaldunak baztertzen dituztela.

Yolanda Barcina buru duen Gobernuak euskarazko hedabideen aurka daraman politikaren jarraipena dela salatu du Kontseiluak eta «euskararen desagertze soziala helburu duen hitzkuntza-politikan» kokatu behar dela prozesu hau ere. Kontseiluak gogoratu du euskarazko hedabide ez-plubkoak dirulaguntzarik gabe daudela eta EITBren kanalak ikusteko aukerarik ere ez dagoela.

Aurrerantzean, Kontseiluak definitua duen Hizkuntza Politika Berri Eraginkorrerako (.PDF) proposamena kontuan hartzea eskatu du.