ION TELLERIA
BAIONA
Entrevista
JAKES BORTAIRU
BATERA

«Orain da momentua beste urrats bat eman eta instituzioa sortzeko»

Hamar urte dira BATERAk Euskal Herriaren aitortza edo ezagupena lortzeko lanari ekin zionetik. Euskal Departamentuaren eskaria zuen oinarrietan, Lurralde Elkargoaren aukerari heldu diote orain Frantziako Estatuan ireki den deszentralizazio prozesua aintzat hartuz. Arriskuen jakitun, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala lortzeko momentua dela uste du Jakes Bortairuk.

Jakes Bortairu elkarrizketako momentu batean. HAITZ ALDANA
Jakes Bortairu elkarrizketako momentu batean. HAITZ ALDANA

Zuek Lurralde Elkargoaren aldarrikapena plazaratu zenutenetik, asko aldatu da eremu politikoan zegoen egoera, baita bakoitzak zuen iritzia ere.

Azken urte hauetan gauzak frango aldatu dira. Alde batetik, ezagupenaren aldetik; egin ditugun kanpaina eta azalpen lan guztiaren ondorioz askoz ere ezagunagoa da kontzeptu hori, eta baita beraren gibelean dagoena ere. Bestalde, azken hilabete hauetan bereziki, bai Garapen Kontseiluan bai Hautetsien Kontseiluan egindako lanari esker, posizionatu dira orain arte kontra edo dudakor ziren hautetsi frango... eta orain Lurralde Elkargoaren hipotesia horrek biltzen du hautetsi andana bat.

Emaitza ez da emana, zer ikusi duzue azken hilabeteetako lanean?

Ikusi dugu badela indar metaketa handi bat proiektu honen inguruan. Sekula ez da izan Ipar Euskal Herrian halako adostasunik, benetan Ipar Euskal Herriak izan dezan ezagupen instituzional bat. Beste hainbat baldintza politiko ere bete dira, sekula ez bezala... Beraz, urrats emankor bat emateko baldintzak badira. Orain, urrats hori emanen den edo ez, nehork ez du erraiten ahal gaur egun, horiek Parisen trinkatuko dira. Eta gaur egunean, ez dakigu batere, Parisko gobernu berriak zer eginen duen.

Hautesien Kontseiluak ia aho batez egin du Lurralde Elkargoaren alde. Zer iritzi duzue adostasun horretaz?

Baikorki baloratu genuen urrats hori. Lehenik oroitarazi behar da Garapen Kontseiluak maiatzean hartu zuela deliberoa, abisu bat eman zuen, erabateko adostasuna bazen Lurralde Elkargoaren alde. Horretan oinarriturik Hautetsien Kontseiluak bere gogoetak egin ditu eta hor gehiengo zabal batek hori onartu du. Hori guretzat biziki baikorra da. Hain zuzen, duela zonbait urte hiru hipotesiak baiziren mahai gainean eta gaur egunean aitzinean ematen den hipotesia bakarra da Lurralde Elkargoarena.

Parisera ERE adostasun horrekin iritsiko dira hautetsiak?

Espero dugu adostasunarekin joanen dela, badakigu den-denak ez direla horren alde baina hori da demokrazia. Horrelako kontuetan bakoitzak bere iritzia emateko eskubidea du, eta eman behar du, gainera; baina, gero momentu batean trinkatu behar da eta hor gehiengo batek eramaten du erabakia. Espero dugu hemen posizionatu diren guzti-guztiak izango direla alde eta Parisera joango den delegazioak galdea eramanen duela.

Gero, Parisen Gobernuak zer erantzun emanen duen... Urriaren 11n elementuak izango ditugu, Lebranchu ministroak errezibituko baitu Ipar Euskal Herriko delegazioa eta orduan jakingo dugu pixka bat gehiago zer disposiziotan den gaur eguneko Gobernua.

Gauza bera al da Lurralde Elkargoa denentzat?

Egia da momentu honetan eztabaida hori oraindik irekia dela. Lurralde Elkargoa oso kontzeptu juridiko zehatza da frantses legedian, ezin da zernahi ezarri gibelean. Oinarrizko gauzak baditu: zuzenki hautatua den asanblada bat, baditu legez finkaturiko eskumenak eta hauekin lotua den fiskalitatea.

Gero, beste hainbat kontu trinkatu gabe dira, orain Hautetsien Kontseiluak landu behar dituenak: nolako antolaketa, asanblada eta ejekutiboaren arteko harremanak hautatzeko hautesbarrutia, proporzionalitatea... eta gero funtsezkoa: nola kokatzen den instituzio berri hori gaurko arkitekturan. Ea gaurko departamentua ordezkatzen duen edo departamentuaren azpi-instituzioa den. Batzuk hori defendatzen dute, ez da batere gure aukera, irtenbiderik gabeko bidea delako hori...

Lurralde Elkargo horren izaeran, marra gorririk baduzue?

Bai, baditugu funtsezko printzipioak direnak guretzat: instituzio horrek barne hartu behar du Ipar Euskal Herriko lurralde osoa, eta lurralde hori baizik. Egitura ebolutiboa izan behar da, urteetan beste eskumenak hartzeko gisan, hala nahi badu hemengo populazioak. Ordezkatu behar du, bederen, Departamentua, beraz Departamentuko eskumen guztiak hartuko ditu eta eskualdeko batzuk ere.

Beraz, Departamentuak behar du desagertu?

Batera sortu zen euskal Departamentuaren eskakizunaren inguruan; beraz, berez doa Lurralde Elkargoa Departamentua baino gehiagoko instituzioa izan behar dela ... noski, Departamentua ordezkatuko duela.

Parisen abenduan onartu nahi dute lege berria. Zer prozedura jarraitu beharko luke gero? Herritarren berrespena behar du?

Guk betidanik defenditu dugu herritarrek beren hitza izan behar dutela prozesu honetan. Guretzat, beraz, herri galdeketa izan behar da Ipar Euskal Herriko herritarrek erran dezaten nahi duten ala ez. Arrisku bat hartzen dugu baina asumitzen dugu. Instituzioak ez dira egiten politikarientzat, herritarrentzat egiten dira, herritarren zerbitzuko... beraz, ezinbestekoa da herritarrek beren hitza izatea. Sortze prozesuan ezinbesteko urratsa dela uste dugu, behin Parisen onartua dela herritarreri hitza galdegitea.

Euskal Herriaren aitortza instituzionalari dagokionez zein momentutan gaude?

Guretzat, momentu historiko batean, ez baita izan sekula hainbeste aldeko baldintzarik Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala lortzeko eta beste etapa bat irekitzen hasteko. Hor dira aipatutako sustengu guztiak, jendartean ere aldekotasuna handia da... eta gainera badira beste bi elementu politiko inportante: Euskal Herriko egoera politiko orokorra; urteetan frantses gobernuaren aitzakia nagusia izan da Hego Euskal Herrian zegoen bortizkeria egoera, eta hori desagertuz doa; eta bestetik, frantses gobernuak deszentralizazio lege berri bat martxan eman nahi duela... Beraz, orain da momentua Ipar Euskal Herrian ere beste urrats bat eman eta instituzio hori sortzeko.

Aukera asko irekiak, baina arriskuak ere izango dira.

Baldintzak badira urrats nabarmena eta kualitatiboa emateko, baina arriskuak ere badira. Gelditzen ahal gira gauden bezala; horrek sortuko luke frustrazio ikaragarria. Baina badira bien artean beste hainbat aukera frango kezkagarriak. Adibidez, sasi-instituzio bat sortzea, eta horrek ere frustrazio handia sortuko luke, ez bailioke batere erantzunen problematikari... Guk ez dugu horrelako aukera bat ikusi nahi.

Lagundu du, edo lagunduko du, Aieteko adierazpenak eta ondorengo ETAren erabakiak?

Frantses gobernuaren posizioan eragin handia izan ohi du Hegoaldeko egoera politikoak Ipar Euskal Herrian edozein urrats emateko momentuan, nahiz eta aitzakia merkea zela pentsatzen ahal den ... Gatazkaren konpontzearen alderat Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalaren auzia funtsezkoa dela badakite Parisen. Azken urte honetan emandako urratsak ikusita, eta ikuspegi historikotik begiratzen badute frantses agintariek, auzi honi irtenbidede bat emaiteko garaia dela ulertu beharko lukete.