NAIZ.INFO
ALDUATE

Bi langile eta auto bateko gidaria hil dira A-21 autobidean

Bi langile hil dira Pirinioetako Autobidean auto batek harrapatuta. Istripuan autoko gidaria ere hil egin da. Mantenu lanak egiten ari ziren langileak eta behe laino handiaren edota autoaren abiaduraren errua izan daiteke ezbeharra.

Foru Polizia, istripua gertatu den tokian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Foru Polizia, istripua gertatu den tokian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Mantentze lanetan ziharduten bi langile eta hauek harrapatu dituen autoaren gidaria hil dira A-21 autobidean (Iruñea-Jaka) izaniko istripuan, Alduate parean. Langileak Lizarrakoak ziren biak, J.A.G., 23 urtekoa, eta X.FdR.MdE, 24koa. Auto gidaria, bere aldetik, 26 urteko gazte zangozarra da.

Istripuaren zergatia eskualde horretan egon ohi den behe lainoan kokatu dute, baita autoak zeraman abiaduran ere.

Istripua 11.30ak aldera gertatu dela adierazi du Nafarroako Gobernuak, errepidearen 30. kilometro-puntuan eta bertara gerturatu dira bai suhiltzaileak nola anbulantziak ere.

Ezbeharraren ondorioz autobidea itxi beharrean suertatu dira bi ordu eta erdiz Jakarako noranzkoan eta desbideratze bat jarri dute Izkon denbora tarte horretan.

Luis Zarraluqui Nafarroako Sustapen kontseilaria istripuaren gunera bertaratu da ezbeharraren nondik-norakoen berri lehen eskutik jasotzeko. Ignacio Nagore Lan Publikoetako arduraduna ere bertan izan da.