NAIZ.INFO
BAIONA

AHT berriaren aurkako mezua helaraziko diote Lapurdiko elkargoek Aurrekontu ministroari

Hego Lapurdi, Errobi eta Aturri-Errobiko herri elkargoek AHT berriaren egitasmoa baztertzeko eskatuko diote Jerome Cahuzac Aurrekontu ministro frantsesari. Joan den larunbateko manifestazioaren arrakasta nabarmendu dute.

AHTren aurkako mobilizazioak milaka lagun bildu zituen. (Gaizka IROZ)
AHTren aurkako mobilizazioak milaka lagun bildu zituen. (Gaizka IROZ)

Iragan larunbatean Baionan AHTren proiektu berriaren aurka egin zen manifestazioa «arrakastatsua» izan zela nabarmendu dute Hego Lapurdi, Errobi eta Aturri-Errobiko herri elkargoek ohar batean. Hautetsien, elkarteen eta biztanleen mobilizazioak egitasmo berriaren aurkako jarrera berretsi duela uste dute.

Horregatik, mezu hori helaraziko diote Jerome Cahuzac Aurrekontu ministro frantsesari, heldu den azaroaren 7an.

Hiru elkargoek gogora ekarri dutenez, CITEC erakunde suitzarrak egin dituen ikerketek erakutsi dute burdinbide berri bat ez dela bideragarria teknikoki eta ekonomikoki.

Hori dela-eta, Lapurdiko hiru herri elkargoetako hautetsiek berriz ere egungo trenbidearen modernizazioa eta AHT berriaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dute.

«Goraki diogu trenbibideen modernizazioak AHT proiektuaren helburuen %95 baino gehiago lortzea ahalbidetzen duela, kostuaren 1/5ean, burdinbidearen segurtasuna bermatuz eta harrabots trabagarriak desagerraraziz auzokoentzat», nabarmendu dute igorritako oharrean.

«Objektiboki finantzagarria den aterabide bakarra hori dela» ere adierazi dute. Konponbide merkeena izateaz gain, «trafikoaren aurreikuspen baikorrenei erantzunen die bederen 50 urterako eta auzokoen bizi-ingurumena hobetuko du», esan dute.

Txostenak eskuan, hautetsiek proposatzen duten alternatiba 2018ko bidera daiteke. Argudio horiek, besteak beste, helaraziko dizkiote Cahuzac Aurrekontu ministroari.