Naiz.info
Donostia

Kutxabanken «iruzurra» prestatzen ari direla salatu du Joseba Permachek

Kutxako administrazio kontseiluan Bilduk gehiengoa lortzea ekiditeko, EAJ, PSE eta PP «iruzurra» prestatzen ari direla salatu du Joseba Permach ezker abertzaleko ordezkariak.

Joseba Permach EH Bilduren agerraldi batean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Joseba Permach EH Bilduren agerraldi batean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Ezker abertzaleko ordezkari Joseba Permachek EAJ, PSE eta PP Kutxabanken «iruzurra» prestatzen ari direla salatu du bere blogean idatziriko artikulu batean.

Azaldu duenez, Gipuzkoako Kutxako administrazio kontseiluan Bilduk «gehiengoa» lortu eta ondorioz, Kutxabankeko zuzendaritzan lau ordezkari izateko aukeraren aurrean EAJ, PSE eta PPk indarrak batu dituztela dio. Datorren azaroaren 21ean osatuko dira Kutxa, BBK eta Vital aurrezki kutxetako batzar orokorrak.

«Alarma guztiak piztu» dira «eta edozein preziora boterearekin egiteko, edozer gauza egiteko prest» azaldu direla kritikatu du.

Ezker abertzaleko bozeramaileak azaldu duenez, berdinketa ekiditeko bi aukera zeuden; zozketa egitea edo gizarte eragileen hautagaitza baliogabetzea, eta «arrazoi lotsagarriak» argudiatuz bigarrengoaren aldeko hautua egin dute hiru alderdiek. 

Esan duenez, zerrenda osatzen zuen ordezko pertsonak 70 urte baino gehiago dituela argudiatuz «ezin dela administrazio kontseiluko kide izan diote», salatu du.

Gertatutakoa «eskandalu» bat dela uste du Permachek eta herrialde honetan, «kudeatzaile onak direla uste duten horiek mozorrotutako tranpatiak baino ez dira, euskaldunen aurrezkiekin espekulatzen jarraitzeko edozer gauza egiteko prest» daudenak kritikatu du.