NAIZ.INFO
DONOSTIA

EH Bilduk Kutxako Administrazio Kontseiluan gehiengoa ez lortzeko «iruzurraz» ohartarazi dute

Euskal Herria Bilduk Kutxaren Administrazio Kontseiluan gehiengoa ez eskuratzeko helburua duen «iruzur ikaragarria» iragarri du koalizioak, zeinak Kutxabanken funtzio soziala eta gardena ere aldarrikatu duen.

Ainhoa Beola, Xabi Soto, Joseba Permach eta Iñaki Ostolaza, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Beola, Xabi Soto, Joseba Permach eta Iñaki Ostolaza, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Joseba Permachek eta Xabi Sotok, Ainhoa Beola eta Iñaki Ostolazarekin batera egindako agerraldian, EAJ, PP eta PSE prestatzen ari diren «iruzur ikaragarria» salatu dute, EH Bilduk Kutxaren Administrazio Kontseiluan gehiengoa lor ez dezan.

Hori dela-eta, deialdi publikoa egin diete CCOO eta Pixkanaka sindikatuei, ez diezaieten beren bozka eman «politika neoliberaletan sakontzeko helburua duen PNV-PP-PSE hautagaitzari», nabarmendu baitute «etxe kaleratzeak, pribatizazioa, gizarte ekintzaren amaiera eta, azken finean, Kutxak izan behar lukeenaren amaiera» ekarriko dutelako.

Atzo Permachek berak azaldu zuenez, Gipuzkoako Kutxako Administrazio Kontseiluan Bilduk «gehiengoa» lortu zuen eta, ondorioz, Kutxabankeko zuzendaritzan lau ordezkari izateko aukeraren aurrean EAJ, PSE eta PPk indarrak batu dituztela salatu zuen.

Larunbatean Kutxaren hauteskunde batzordeak gizarte kolektiboek aurkeztutako hautagaitza baliogabe utzi zuela-eta, Permachek esan du aztertu egingo dutela epaitegietara jotzeko aukera. Hautagaitzako kide batek 70 urte baino gehiago zituelako baliogabetu zuten, baina EH Bilduren arabera zerrendaburuak eta ordezkoak estatutuak betetzen dituzte eta «EH Bilduk Kutxaren Administrazio Kontseiluan gehiengoa izan dezan ekiditeko» baliogabetu zuten.

Asteazkenean dira osatzekoak Kutxa, BBK eta Vital aurrezki kutxetako batzar orokorrak.

Permachek eta Sotok gogoratu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek hasieratik «jarrera kritikoa» izan dutela «Kutxabank sortu eta egituratzeko prozesuan». Halere, jarrera «eraikigarria» izan dutela nabarmendu dute, «hiru kutxak bat eginik kutxa indartsuagoa osatzeko aukera zegoela jakinda, erakundearen izaera publikoa eta ekintza soziala indartuko zuena».

Alabaina, gaineratu dute, EAJ eta PPk Bildu «zokoratzeko» eginiko «azpijokoak» agerian utzi zuen jeltzaleek ez zutela nahi «funtzio soziala, gardentasuna edo instituzioen kontrola bermatu nahi».

«PNV eta PPren arteko iruzur politiko horrek baldintzatu egin ditu handik aurrera Kutxabanken inguruan eginiko urrats eta erabaki guztiak. PSEk Araban babestu zuen iruzur politikoa da eta, dirudienez, hiru alderdiek etzi berretsiko dutena Gipuzkoan lehenengo indarra baztertzen badute».

EH Bilduk aldarrikatu egin du Kutxabankek «gure herriaren eta bere eraikuntzaren aldeko apustua» egin behar duela, «betiere kutxek izandako izaera publiko eta soziala mantenduz eta bultzatuz». «Horixe da, hain zuzen, orain galtzeko arriskuan dagoena», azpimarratu dute.