NAIZ.INFO
DONOSTIA

Egitarau oparoarekin dator Xare, kultura digitalean euskara sustatzeko lehen azoka

Teknologia Berrien erabilpenaren goraldia aintzat hartuta, eta haietan euskararen erabilpena bultzatu asmoz, hilaren 23 eta 24an egingo dute Xare azoka, Kursaalen. Egitarau oparoa prestatu dute: hitzaldiak, kontzertuak, stand desberdinak...

DJ Makala eta Xare azokaren koordinatzaile Iñigo Martinez, egitarauaren aurkezpenean. (NAIZ.INFO)
DJ Makala eta Xare azokaren koordinatzaile Iñigo Martinez, egitarauaren aurkezpenean. (NAIZ.INFO)

Donostiako Kursaal jauregia Informazioaren Teknologia Berrien (IKT) erdigune bihurtuko da hilaren 23 eta 24an, bertan egingo baita Xare azoka.

Eragin.com enpresak antolatutako jardunaldiok kultura digitalean euskararen erabilpena sustatzeko asmoa dute.

Helburu horrekin, bi egunotan zehar egingo den egitarau zabalaren berri eman dute gaur antolatzaileek: stand desberdinak, hitzaldiak, kontzertuak, multimedia instalazioak, aurkezpenak... Askotariko eskaintza denen eskura. 

Sarrera doakoa izango da eta publiko orokorrari, IKTen sektoreko profesionalei eta bestelako enpresa, erakunde edo elkarteei ere zuzendu diete bertaratzeko gonbitea.

Datozen egunotan burutuko den azoka, beta edizioan egingo da, hau da, «egitasmo ireki eta partehartzaile honek jarraipena izango du». Interneten presentzia «etengabe» mantendu ondoren, ekainean antolatuko dute lehen edizioa eta aurrerantzean azoka data horietan egiteko asmoa dute.