Naiz.info
Donostia

Zinemaldiak atzera-begirakoa eskainiko dio Nagisa Oshima zuzendari japoniarrari

Nagisa Oshima zinemagile japoniarra izango da Donostiako Zinemaldiko atzera-begirako zikloetako baten protagonista.

Nagisa Oshima (Kioto, 1932) Japoniako zinemagile handienetako bat da, baita herrialde horretako zinemaren pertsonaia ausart eta polemikoenetako bat ere. Nouvelle vague izenez ezagutzen den korronteko zuzendari nagusienetako bat izan zen 60ko hamarkadan, eta, hurrengo hamarkadetan, nazioartean oihartzun handien izan duen japoniar zinemagileetako bat bilakatu zen.

Oshimaren zinemako lehenengo lana 1959koa da: ‘Aito Kibo no Machi’ / ‘Street of Love and Hope’, gazteen arazoarekiko hurbilketa goiztiarra, eta Japoniako estudio garrantzitsuenen artean dagoen Shochiku etxearentzat egin zuen lehena.

Oshimak 1976an lortu zuen nazioarteko ospea, ‘Ai no koriida’ (Zentzumenen inperioa) filmari esker. Sexualitatea tratatzeko modu esplizitua zela-eta, mundua eskandalizatu eta Japonian zentsura jasan bazuen ere, filma Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten eta Oshimaren ibilbide osoko izenburu ezagunen bilakatu zen.

Donostiako Zinemaldiak antolaturiko atzera-begirako honetan, zuzendariak pantaila handirako eginiko film luze guztiak bilduko dira.

Zikloa osatzeko, Quim Casasek koordinaturiko liburu bat ere argitaratuko da.

Oshimaz gain, animaziozko zinemak ere atzera-begirakoa izango du Zinemaldiko 61. edizioan.