OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Ikurrinak gogotsu egin dio tokia Boliviakoari

Doris, Mari Carmen eta Silvia Bergaran bizi dira, baina boliviarrak dira jatorriz. Realzaleak izan arren, atzokoa ez zen haiek animatzeko eguna. Partidua baino ordu pare bat lehenago Anoeta inguruan giroaz gozatu zuten beste boliviar eta euskaldunen artean. «Onenak irabazi dezala», esan zuten.

Bi selekzioen zaleen artean giro ona nagusitu zen partidan. (Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS)
Bi selekzioen zaleen artean giro ona nagusitu zen partidan. (Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS)

Hamabost egunetik behin, Realak etxean jokatzen duen bakoitzean, futbol taldeen bufandak, kamisetak eta abar saltzen dituen postutxoa jendez gainezka zegoen atzo. Denak, Euskal Herria-Bolivia zioen bufanda eskuratu nahian, alde batean zuria, gorria eta berdea nagusitzen ziren; bestean, horia, gorria eta berdea. Bufandetako kolore hauek ere jendearen masailetan ikusi ziren makina bat, hiruna marra musuaren alde bietan marraztuta.

Koloreak nagusitu ziren, baita jai giroa ere, Anoeta estadioaren inguruan futbol partidua hasi baino ordu batzuk lehenago, nahiz eta iragarpenek huts egin ez: gogotik bota zuen euria.

Bata besteari elkarri argazkiak ateratzen ari ziren Doris, Mari Carmen eta Silvia boliviarrak. Hirukotea Bergaran bizi da, eta egunerokoan Reala animatu arren, atzo ez zuten zalantza izpirik erakutsi. «Gaur bihotzak gureekin ditugu; gure selekzioarekin; bihar beste kontu bat izango da, baina gaur... onenak irabaz dezala», adierazi zuten.

Batzuek argi zuten nor animatu, baina beste batzuek, Gisela eta Ander bikoteak bezala, buruhaustea zuten. Bata, Euskal Herrian bizi den boliviarra; eta bestea, berriz, donostiarra. Zer egin? Golak ospatzeko garaian bakoitza berera joatea onena zela iritzi zioten biek, eta emaitzak haserrerik sortuko ez zuela hitzeman zioten elkarri. Bete zuten edo ez...

Bi maitale gazte horiena ez zen eztabaida bakarra izan. Oraingoan futbol estadioez ari gara. Batzuek San Mames oroitu zuten, hainbeste mahai-inguru bete dituen Anoetako atletismo pistak madarikatu ostean. Beste batzuek, ordea, azken estadio honetan egitearen bikaintasuna goraipatu zuten, partidaren aurretik pintxotan aritzeko plan ederra eskaintzen duelako, haien iritziz, Donostiak.

Bilbon edo Donostian egitea, eta Euskal Herria edo Bolivia animatzea, finean, ia bigarren mailako kontuak izan ziren, giroak erabat elkartu zituelako gerturatu ziren milaka futbolzaleak estadioaren kanpoaldean antolatu ziren kontzertuetan eta txosnetan, batez ere gazteak. Planaz gozatzeko bi osagai hauekin, baten batek maitasuna ere probatu zuen, eta besarkatzen ziren moduagatik, ordurako ziur asko ahaztuta zuten zertara gerturatu ziren Anoetara. Edo agian ahaztuta zuten Anoetan zeudenik ere.

Gainerakoak lagunartean gelditu ziren, aukera bikaina baita ere, nahiz eta begiez atsegin zitzaien hura erakartzeko aukerak ere aprobetxatu zituen nork edo nork.