Naiz.info
Bilbo

Athleticen emakumezkoen taldeak Arsenalen aurka jokatuko du

Emakumezkoen taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu da britainiarren aurkako lagun arteko partida. Larunbatean jokatuko da (12.00), San Mamesen.

Lezaman aurkeztu dute goizean Arsenal Ladies taldearen aurkako lagun artekoa. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lezaman aurkeztu dute goizean Arsenal Ladies taldearen aurkako lagun artekoa. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Athleticeko presidente Josu Urrutiak eta emakumezkoen taldeko kapitain Iraia Iturregik aurkeztu dute partida goizean Lezaman. Larunbateko partidak (12.00) jaialdi izaera izango duela nabarmendu dute.

Urrutiak esan duenez, norgehiagokak emakumezkoen taldearen hamargarren urteurrena ospatu nahi du, klubak talde honekin egindako apostua eta egitasmoa aurrera atera ahal izateko lan egin duten lagunen esfortzua goratuz.

Sarrerek lau euroko prezioa izango dute bazkideentzat, eta bostekoa gainontzeko zaleentzat. Bertatik lortutako dirua indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten elkarteei emango zaie.

Partida lagun artekoa izango den arren, Iturregiren arabera «Europako lehiako partida balitz bezala» jokatuko dute. «Lehenengo postuan gaude aurten eta, ez dugu ezer aurreratu nahi, baina agian hurrengo urtean halako norgehiagoka bat ikusi ahal izango dugu, baina era ofizialean».