NAIZ.INFO
ASTIGARRAGA

Ireki dute Astigarragan aurtengo sagardotegi denboraldia

Astigarrako Petritegi sagardotegian ireki dute aurtengo txotx denboraldia La Oreja de Van Gogh taldeko kideek. Irekiera ekitaldian aurtengo sagardoa «fruta-gustukoa, orekatua eta azukre maila egokikoa» dela esan du Jose Angel Goñi Sagardun partzuergoko lehendakariak.

La Oreja de Van Gogh taldeko kidea, Petritegi sagardotegian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
La Oreja de Van Gogh taldeko kidea, Petritegi sagardotegian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

2013ko sagardotegi denboraldiaren inagurazioa egin dute gaur Astigarragan. Lehenik, prentsaurrekoa eman dute Sagardo-etxean, uzta berriaren ezaugarrien berri emateko.

Jose Angel Goñi Sagardun partzuergoko lehendakariak adierazi duenez, 10 milioi litroko ekoizpena izan da aurtengoa, aurreko urtekoa baino zertxobait handiagoa. Udan egin duen eguzkiak horretan lagundu duela azaldu du eta «fruta-gustua, orekatua eta azukre maila egokia» duen sagardoa dela azaldu du.

Txotx denboraldiaren irekiera ofiziala Petritegi sagardotegian izan da, La Oreja de Van Gogh taldearen eskutik. Irekieran parte hartzeagatik bere poztasuna adierazi du Leire Martinez taldeko abeslariak eta «Gure sagardo berria!» ohiuarekin eman diote hasera denboraldiari.

Aurtengo nobedadea ‘Sagardoen lurraldea’ izeneko marka da. Marka honekin turismorako bidea ireki nahi dute, sagardoaren kulturarekin zerikusia duen eskaintza oro barnebilduz.