NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskal Herriaren desmilitarizatzea «behar-beharrezkotzat» jo du ezker abertzaleak

Gobernu espainiarraren EAEko ordezkari den Carlos Urquijoren esanei erantzunez, «behar-beharrezkotzat» jo du ezker abertzaleak Euskal Herriaren desmilitarizatzea. Ildo horretan, «gerra egitera ekarritako indar armatuek» Euskal Herrian tokirik ez dutela aldarrikatu du.

Ezker abertzaleak prentsa ohar baten bidez erantzun dio Gobernu espainiarraren EAEko ordezkari den Carlos Urquijoren esanei.

Ezker abertzalearen ustetan, indar polizialak eta militarrak «ez dira inongo eskubideren berme, eskubide ukitzaile eta urratzaileak dira». Gainera, «salbuespen» egoera bat mantentzea dutela xede uste du, «horregatik mantentzen dituzte errepide kontrolak, jazarpenak, jarraipenak eta mehatxuak».

Gauzak horrela, Euskal Herrian ireki den aro berria «blokeatu» eta gatazkaren konponbiderako aukera «zapuzteko» PPren politikaren parte direla gaineratu du. Horrez gain, PPk eta Urquijok «Euskal Herria babesik ez duten politika eta proiektuak inposatzeko» erabiltzen dituztela esan du.

Horregatik, Euskal Herriaren desmilitarizatzea «behar-beharrezkoa» deritzo ezker abertzaleak. «Estatuek gatazkan erabili izan dituzten baliabide armatu eta errepresiboen desagiteari ekin behar diote», gaineratu du oharrean.

«Bake eta askatasun» etorkizuna eraiki ahal izateko indarkeria elementu guztiak desagertzea eskatu du. Gauzak horrela, «gerra egitera ekarritako indar armatuek» Euskal Herrian tokirik ez dutela aldarrikatu du.