NAIZ.INFO
GASTEIZ

Eskola euskalduntzearen aldeko ekimena egin du EHEk Gasteizen

‘Guk, eskola euskalduna’ dinamikaren baitan ekimena egin du EHEk Gasteizen Lakuaren Hezkuntza sailaren delegaritzan. Bertan, ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko Kontseiluaren proposamena aintzat hartzeko eskatu dute.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak ekimena egin du Gasteizen Lakuako Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak duen delegaritzan ‘Guk, eskola euskalduna’ dinamikaren baitan.

Eragileko hiru kide eraikinera sartu dira, eskolara joango balira bezala. Ateratzean, Estatu espainiarreko bandera zuten ahoan, «espainolizatuta» irakurtzen zelarik bertan. Une horretan, ahoko estalkia kendu eta eskolak ez dituela euskaldundu salatu dute.

Ekimenarekin, Euskal Herrian indarrean diren hizkuntza ereduek ikasleek eskolaren bitartez euskara ezagutzeko duten eskubidea ez dutela bermatzen salatu dute eta Lakuak mantendu nahi dituen erdal ereduak arbuiatu dituzte.

Egoerari erantzuteko, ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko Kontseiluaren proposamena aintzat hartzeko eskatu dute, baita eskola euskaldunaren aldeko aldarria zabaldu ere.

‘Guk, eskola euskalduna’ ekimena urtarrilaren 23an abiatu zuen EHEk. Orduko hartan, bost kide Nafarroako hezkuntza Departamentuak Iruñean duen egoitzara sartu ziren.

Gaurkoa ez da egingo duten azken ekimena izango, alta, hilaren 16an elkarretaratzea egingo dute Donostian hiriburuan 10.100 ikaslek erdal ereduetan ikasten dutela salatzeko. Ondoren giza katea egingo dute erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz.