NAIZ.INFO
DONOSTIA

197/2006 doktrinaren aurkako mobilizazioak Euskal Herri osoan

Estrasburgoko Giza Eskubiden Auzitegian izan den saioaren harira, mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herri osoan eguerdi eta arratsaldez, zigorra luzatzen duen doktrinaren aurka.

Baionan egin duten mobilizazioaren irudia. (HERRIRA)
Baionan egin duten mobilizazioaren irudia. (HERRIRA)

Herrirak antolatuta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Baionan, espainiar kontsulatuaren aurrean, 197/2006 doktrina bertan behera utzi dezatela aldarrikatzeko. Bertan izan dira Alice Leiciagueçahar eskualdeko kontseilari berdea; Marie-Ange Thebaud, Bokaleko kontseilaria; Laurence Hardouin eta Anaiz Funosas Bake Bideako kideak; Iker Elizalde Hendaiako kontseilaria; Sylvie Laplace NPA alderdikoa; Jean-François Lefort eta Xabi Larralde Sortuko ordezkariak eta Yvette Debarbieux Donibane Lohizuneko kontseilaria.

Fran Baldak eta Garbiñe Erasok, Herriraren izenean, mezu «oso argia» helarazi nahi izan diote Europako komunitateari: «euskal jendarteak bat egiten du iragan uztailean Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako ebazpenarekin. Juridikoki inpekablea da eta ez dugu aldatzeko inolako arrazoirik ikusten. Inesek eta 197/2006 doktrina aplikatuta duten beste presoak aske behar lukete, aspaldi. Argi dugu euskal jendartearen gehiengoak giza eskubide guztien errespetua, konponbidea eta bakea desiratzen dituela eta bide horretan nazioarteko komunitatea lagun izan nahi duela».

Euskal Herrian bakeari «aukera bat emateko garaia» dela nabarmendu dute eta 19772006 doktrina bertan behera uzteak eta kartzalaldia luzatu dieten presoak aske uzteak «konponbideari berebiziko hauspoa» eskainiko liokeela esan dute.

«Bakeari ateak irekitzeko garaia da eta 197/2006 doktrina, larri gaixo dauden presoak espetxean mantentzea eta dispertsioak ez dute inolako lekurik ez justifikaziorik XXI. mendeko Euskal Herria eta Europan», adierazi dute.

Lantokietan

Bestalde, LABek deituta mobilizazioak egin dituzte eguerdi partean enpresa eta lantokietan.

Donostian, epaitegien aurrean egin dute kontzentrazioa; Bilbon, Udaletxearen atarian eta Moyua plazan, Foru Aldundiko eta Lakuako Gobernuko sail sindikalek deituta. Telefonicak Artxandan duen zentralaren aurrean ere elkartu dira, bertako sail sindikalak deituta. Iruñean, aldiz, Gobernu espainolak duen ordezkaritzaren aurrean egin dute hitzordua eguerdian.

Arratsaldean, berriz, Herrirak deituta elkarretaratze eta bestelako mobilizazioak egingo dira 60tik gora herritan.