NAIZ.INFO
DONOSTIA

Araba eta Bizkaia atzean utzita, Gipuzkoan da Korrika 18

Ibilbidearen erdia eginda, Gipuzkoara itzuli da Korrika arratsaldean. Bizkaian ibili da goizetik eta hedabideek lekukoa hartzeko aukera izan dute, Urkiolako maldetan gora izan bada ere.

Ibilbidearen erdia egin du jada Korrikak. (ARGAZKI PRESS)
Ibilbidearen erdia egin du jada Korrikak. (ARGAZKI PRESS)

Trebiñun egin du ekimenak bere bidearen erdia, goizaldean, orain bi urte Korrika hasi zen herrian. Bertan, Trebiñu Araban sartzearen aldeko ohiu musikatuak entzun dira: «Bai, bai, bai, Trebiñu Araba da! Ez, ez, ez, Trebiñu burgales!».

Araba atzean utzi eta Bizkaian sartu da goizean, Altubeko mendatea izan da horren lekuko. Bertan izan da, besteak beste, Spiderman, maratoiak egiten dituen super-heroia. 30 kilometro egina zetorren, Urduña aldetik.

Ederki ospatu dute korrikalariek mendatearen gaina egin dutenean. Bitxikeri bezala, aipatu bertsolari batek bertsoa bota duela lekukoa zeraman bitartean.

Araban oraindik ere, Zigoitia eta Zuiatik giro ederra pasa da Korrika. Umeak izan dira batez ere goiz parteko protagonista, baina etxeko mantala soinean zeraman amona bat ere izan da lasterka.

Bizkaian sartuta, Otxandiora ere iritsi da ekimena. Bertan, 36ko gerran eroritakoen omenez dagoen monolitoa inguratu dute, omenaldi moduko bat eginez.

Hedabideetako langileentzat egun handia izan da gaurkoa, lekukoa hartzeko aukera izan baitute. Urkiolan gora izan da hori, «ibilbideko zatirik gogorrenean». Lekukoa jendeak nola eramaten duen ikusteaz ohituta, urduritasuna nagusitu omen da kazetariengan.

18.00ak aldera Ermuara iritsi da da Korrika eta Gipuzkoara sartu da ondoren, Eibartik barrena. Gipuzkoan amaituko du eguna.

Bihar goizean berriro itzuliko da Bizkaira. Hala, Bilbon izango da arratsaldeko 17.30ak aldera.