Naiz.info
Gasteiz

Daryl Impeyk bigarren garaipena eman dio Orica Greenedge-ri

Simon Gerransek lehenengo etapa eman zion atzo Orica Greenedge taldeari eta bigarrena ere eskuratu du gaur Daryl Impey Gasteizko helmugako esprintean azkarrena izanda.

Impey, Gasteizko helmugan garaipena ospatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Impey, Gasteizko helmugan garaipena ospatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bigarren etapa osatu du gaur tropelak Euskal Herriko Itzulian. Elgoibar eta Gasteiz arteko bidea egin dute, 170,2 kilometrotakoa. Tartean, bost igoera: Elgeta, Gatzaga, Gasteiz, San Martin eta Zaldiaran.

Etapa aproposa zen gaurkoa esprinterrentzat eta halaxe erabaki da jardunaldiko garaipena. Orica Greenedge taldeak bigarren etapa eskuratu du. Atzo Simon Gerransek eman zion garaipena eta gaurkoan Daryl Impey izan da azkarrena Gasteizko helmugan.

Liderraren maillota galdu du ordea txirrindulari australiarrak. Francesco Gavazzi (Astana) bigarren sailkatu da eta bera da orain lider sailkapen nagusian.

Itzulia irabazteko faborito nagusiak, Alberto Contador (Saxo Bank), Samuel Sanchez (Euskaltel) eta Richie Porte (Sky), tropelarekin batera helmugaratu dira.