NAIZ.INFO
BAIONA

Elkarlana festibalaren eremu guztietara eramango du EHZk aurtengo edizioan

Euskal Herria Zuzenean festibala ekainaren 28tik 30era ospatuko da. Lekornen lehen aldiz eginen den 18. edizioa elkarlanaren eta auzolanaren inguruan garatuko da.

Willis Drummond taldeko kideak eta Fermin Muguruza. (EHZ)
Willis Drummond taldeko kideak eta Fermin Muguruza. (EHZ)

Auzolanean ari direnei festibalera hurbiltzeko deia zabaldu die EHZ-k. Haien ekimenen eta gogoeten berri emateko gune berezi bat ezarriko dute. Bestalde festibalaren aurkezpena den Willis Drummonden ‘Herri sorta’ kantuan, Fermin Muguruzaren kolaborazioa izan da, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

Kantuaren bideokliperako ere elkarlana sustatu nahi izan dute antolatzaile eta musikariek. Ohiko bideo bat beharrean jendearen laguntza eskatu dute, Euskal Herriaz duten irudikapena «Z» hizkia erabiliz erakusten duen argazki bat igortzea da parte-hartzearen oinarria. Irudi horietatik abiatuta, eta artisten laguntzarekin, bideoa eginen dute.

Willis Drummonden ‘Herri sorta’ kantuak elkartasuna du lelo. Antolatzaileek, Heletatik Lekornera, EHZ-k orrialde berri bat irekitzen duela azpimarratu dute eta honekin batera, elkartasun deialdi zabal bat igortzen dute biharko Euskal Herria eta biharko EHZ elkarrekin eraikitzeko Garroa gaztelua elkargune hartuz. «Zentzu hortatik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun garai berri hori kantu berri batekin lotuz, kuttunak ditugun artisten elkartasuna lagun» adierazi dute antolatzaileek.

Kantuaren sortzaileen hautua horrela azaldu dute: «Hortarako, festibala sustengatu duten artistak lotu ditugu proiektuari. Alde batetik, Lekornen bertan ditugun EHZ-ko betiko laguntzaileen bitartez, hala nola Willis Drummond taldea, hitzak eta musika idazteko. Bestetik, Fermin Muguruza, gehiago aurkezten ez duguna eta baldintza gabeko EHZ zalea. Jende guzti hori Sarako estudioetan bildu zen martxoaren 13 eta 14an kantu grabatzeko».

Bideoklipa

EHZren filosofiarekin bat eginez sorkuntza bultzatuko dute edizio honetan ere. Argazki sorkuntza deialdi bat zabaldu dute sarean EHZren kantuaren bitartez. Deialdia osatu gabeko bideoklipa bat sortzea da.

Printzioioa honakoa da: Euskal Herriaren irudikapena argazki batez isladatzea, «Z» hizkia erabiliz.Esaterako: EHZuzenean, EHZoragarria, EHZapaldua, EHZangopilatua, etab. Hitzak ez dira baitezpada agertu behar, irudiak hitzari alusioa egiten badio naturalki.

Sormenerako deialdia hala ere haratago joanen da Sorgin deialdiaren bitartez. 2011an sortu zen proiektuak aurten, programa eredu partehartzaileago batera bideratu nahi izan dituzte, anbizio haundiago batekin. Hortarako, disziplina ezberdinetako artista eta lokutoreak inplikatu dituzte.

Proiektu eramaleak izanen diren artistak ondokaoak dira: Fermin Muguruza (musikaria eta zinegilea), Willis Drummond taldea (musikariak), Etxe (bideo sortzailea), Paxkal Irigoyen (musikaria), Arantxa Lannes (dantzaria eta koregrafoa) eta beste 10 bat artista.

Auzolan deialdia

EHZ, herri proiektu batetatik eraiki den tresna bat da. Osoki autoeratua, hots alimaleko auzolan baten emaitza. Euskal Herriko eskualde desberdinetan egin, egiten eta eginen den ber gisan, mota anitzetako proiektuak elkarlanaren bidez burutu dira. Aurtengo edizioan, EHZk auzokideen topaketak antolatu nahi ditu. Helburua edozein xokotan egiten diren auzolan horien sustatzea eta aurkeztea da.

Programazioan, ohi bezala bertako eta kanpoko musikariak elkartuko dira. Jimmy Cliff, Keny Arkana, Fermin Muguruza, Etienne De Crecy, Willis Drummond, Anestesia, Les Ogres de Barback, Belako, Itziarren semeak, ZUloak, Iheskide eta Herri oihua izanen dira besteren artean.