NAIZ.INFO
BRUSELA

Euskalerria Irratiak bere egoeraren berri eman du Europako Legebiltzarrean

Euskalerria Irratiko ordezkariek Europako Parlamentuko Gutxiengoen eta Hizkuntzen Taldearen saio batean parte hartu dute gaur, bere egoera azaltzeko.

Mikel Bujanda azalpenak ematen, Izaskun Bilbao alboan duela. (EUSKALERRIA IRRATIA)
Mikel Bujanda azalpenak ematen, Izaskun Bilbao alboan duela. (EUSKALERRIA IRRATIA)

Euskalerria Irratiko ordezkariek Europako Legebiltzarreko Gutxiengo Tradizional, Komunitate Nazional eta Hizkuntzentzako Taldearen lan saioan parte hartu du gaur goizean, EAJren diputatu Izaskun Bilbaok eskatuta.

Mikel Bujanda zuzendariak irratiaren ibilbidearen eta Nafarroako Gobernuaren «bidegabekerien» berri eman die taldeko kideei, eta azken lizentzia banaketan gertatutakoa nabarmendu du bereziki.

Ohar batean azaldu dutenez, saioaren amaieran, Androula VAssilou Europako Hezkuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioari Euskalerria Irratiaren egoeraz galdetzea erabaki dute, «Nafarroako Gobernuaren jarrerak hainbat zuzentarau urratzen dituela iritzita». Astebete barru jakingo da zenbat europarlamentarik sinatuko duten galdera.

Iruñeko irratiko ordezkarien agerraldiaren ondoren, Alexey Kozhemyakov Europako Kontseiluko Bazterketaren Aurkako eta Gutxiengo Nazionalen Aldeko Saileko buruak Euskalerria irratiaren afera aipatu eta galdera sinatzeko deia egin die europarlamentariei, oharrean diotenez.

Irratiari buruzko eztabaidan PPko Pablo Zalba eurodiputatuak parte hartu du eta «Nafarroako Gobernuaren jokaera defendatzen ahalegindu da». Lan taldeko presidente François Alfonsi korsikarrak erantzun dio UPNren Gobernuaren euskarazko hedabideekiko jarrera «guztiz hipokrita» dela.