NAIZ.INFO
GASTEIZ

Funtzionarioen lanaldia luzatzen duen dekretua indargabetzeko eskatu du Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak funtzionarioen lanaldia luzatzen duen dekretua indargabetzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari, EH Bildu, PSE eta UPyDren botoekin.

Lakuako Gobernuak martxoaren 5ean funtzionarioen lanaldia luzatzeko onartu zuen dekretuaren aurka agertu da Gasteizko Legebiltzarra, EH Bildu, PSE eta UPyDren botoekin.

Ekimena EH Bilduk bultzatu du eta PSEren babesa jaso du, baina UPyDko Gorka Maneirok, dekretua bertan behera uztearen alde egon arren, aurka bozkatu du, proposamena koalizio abertzalearengandik zetorrelako. EAJk eta PPk ere kontrako botoa eman dute.

Ondoren, PSEk eta UPyDk transakzionatutako zuzenketa bat onartu dute, EH Bilduren mozioak jasotzen zituen ia puntu guztiekin.

Puntuka bozkatu dute, eta Lakuako Gobernuari lanaldia luzatzen duen dekretua bertan behera uzteko eskatzen dion atala atera da aurrera, aldeko 38 boto eta kontrako 37rekin.

Horrekin batera, Parlamentuak Gobernuari eskatzen dio langile publikoentzat 35 orduko lan astea jasotzen duen Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea indarrean egon dadin konpromisoa adieraz dezala. Puntu hori PP ez beste talde guztien botoekin atera da aurrera.